GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-ZULATZAILEAK

Isuzkizak kanporaketan egindakoa baieztatu du finalean

J.L. | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Aritz Isuzkizak lortu zuen bakarkako txapela. Kanporaketetan bera izan zen 7 zulo egin zituen zulatzaile bakarra, eta herenegun Ortuellan ere gauza bera egin zuen, 7 zulo egin baitzituen, eta berarentzat izan zen txapela.

Jaizubia taldeko kirolaria zen irabazteko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin, onena zela erakutsi baitzuen berriro ere, nahiz eta oraingoan bigarrenari ezin izan zion horrelako alderik atera.

Hondarribiko zulatzaileak 7 zulo egin zituen, eta berarentzat izan zen bakarkako txapela. Bigarren Serrano sailkatu zen, 6 zulo eta 6,4 zentimetro eginda. Hirugarren postuan Muruetak egin zuen, eta honek 6 zulo eta 3 zentimetro egin zituen. Bost zulotatik pasa zen bakarra Isuzkiza izan zen kanporaketak jokatu zirenean, baina finalean beste biek ere lortu zuten marra hori gainditzea.

Laugarren postuan, De la Concepcionek amaitu zuen 5 zulo eta 9,1 zentimetro eginda. Seigarren sailkatu zen Hidalgo 5 zulo eta 6,5 zentimetrorekin. Zazpigarren postuan geratu zen Berridi, 5 zulo eta 6,4 zentimetrorekin. Zortzigarren Fertxi Garcia izan zen 5 zulo eta 3,9 zentimetrorekin. Bederatzigarren, berriz, Sergio Garcia sailkatu zen, 5 zulo eta 3,1 zentimetrorekin eta azken postuan geratu zen Gutierrez 5 zulo eta 2,8 zentimetrorekin. Finalean, bakarkako gainerako saioetan bezalaxe, kirolari bakoitzak 20 minutu izaten ditu lanean aritu ahal izateko.

Denboraldiaren amaieran, balantzea egin behar izaten da, eta garbi dago Jaizubia izan dela beste behin ere nagusi. Gipuzkoar bakarrak dira, eta beraiek izan dira erregularrenak. Taldekako liga irabazi dute, baita bakarkakoa ere. Binakakoan, berriz, bigarren postuan amaitu dute Hondarribiko taldekoek.

Hala ere, garbi dago kirol hau indartzen ari dela, eta hori ez da seinale txarra. Neskek ere osatu dituzte beren taldeak, eta laster aurkeztuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo