GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Igor Mera Uriarte Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Krisialdian etxebizitza merkatuaren logikatik kanpo, behingoz

Etxebizitza arloari dagokionez, gizarte eragile gehienok argi dugu zein den alternatiba: eskubidea merkatuaren arauetatik kanpo uztea Erabilera da esleituko dena, ez jabetza; administrazioak beti izango du lurraren jabetza eta, ondorioz, ez du ondasuna kudeatzeko gaitasuna galduko

Hilabeteak dira krisialdi ekonomikoari buruzko berrien jarraian, pisuen salneurrien beherakadaz, sustatzaile eta eraikuntza-enpresen zailtasunez eta BPGaren moteltzeaz iristen zaizkigula berriak. Aipamen gutxi egiten zaie, ordea, garai ekonomiko zail horrek eragingo dituen benetako zailtasunei. Hilero Euribor delakoaren igoeragatik zorrez gainezka dauden pertsonak, euren etxe zaharrak saldu ezinik harrapaturik dauden etxez aldatzeko beharra duten pertsonak, emantzipatzeko aukera inoiz baino zailagoa ikusten duten gazteak... Antza denez, adreiluaren festa bukatu egin da, eta orain nork emango dio egoerari erantzuna? Iraganari so eginez, argi ikus dezakegu zein izango den erantzuna.

Eguneroko gaiak zehazten dituenak gauzak modu batean ikusteko irizpideak sortzen ditu. Gauzak horrela, une honetan hormigoizko makinek berriro ere modu egokian funtzionatzea da euren helburua, berriro ere hipotekek beren dinamika jarrai dezaten eta «betikoak» %15 edota %20tik gora aberats daitezen. Garrantzitsuena merkatuak normaltasun egoera berreskuratzea da. Merkatu horren normaltasunak, hain zuzen ere, krisialdia ekarri izanari arreta gutxi jartzen zaio.

Argitu beharra dago, eraikuntza-enpresan izan den krisia ez dela esparru horretan izan den gehiegizko arautzearen ondorioz, ezta eraikitzeko lur eskasiagatik edota burokrazia mailan jarri diren oztopoengatik ere. Argi eta ozen esan beharra dago, merkatuaren funtzionamenduaren logikak eragin duela krisia.

Etxebizitzen salneurrien gainbalio espekulatzaileak alde batetik, eta hipotekek eragindako zorpetze maila altuek bestetik, interes tasen igoerek ondorio jakin bat eragitea bermatu zuten, salmenten erritmoa moteltzea merkatuan, kate moduko erreakzioa emanez. Kasu honetan erruduna ez da estatua, ezta berak zehazten dituen erregulazioak ere, merkatua eta honek sortutako logikak baizik. Izan ere, aspalditik datorren kontua da Estatu espainolean etxebizitza merkatuaren zerbitzupeko ondasuna dela. Ez da inor sekula oligarkia ekonomikoaren aberastasun grina mugatzera ausartu, eta gehiegizko espekulazioaren ondorioak ordaintzeko unea iritsi da.

Enpresa mundua eraikuntza sektorea berpizteko diru sarrera masiboak eskatzen ari den honetan, beste eredu ekonomiko bat eta etxebizitza politikak egiteko modu berriak eskatu behar ditugu. Merkatu libreak modu egokian ez funtzionatzeaz gain, gizarte beharrak betetzen ez baditu, egiteko modu berriak bilatu beharko ditugu. Etxebizitza arloari dagokionez, gizarte eragile gehienok argi dugu zein den alternatiba: eskubidea merkatuaren arauetatik kanpo uztea. Hau da, merkatuaren logikatik kanpo kokatu eta zerbitzu publikoaren babesean jartzea.

Hilabete asko, gehiegi, daramatzagu euskal etxebizitza legearen proiektua Gasteizko Legebiltzarrera noiz helduko den zain, gure ustez gizaki orok duen etxebizitza eskubiderako aurrerapausoak ematen hasteko aukera delako. Egungo estatusa gaindituz, bermatu beharreko eskubide izatera igarotzeko, etxebizitza politika proaktiboak egiteko premia behar lukete izan gaur egungo administrazioek. Norbanakoa, baldintzarik eta denboran luzamendurik gabea. Milaka milioi euro gutxi batzuen eskuetan erori dira eta onartezina da egoera hau denbora gehiagoz luzatzea.

Aurrerantzean ere, eraikuntzak altxatzen jarraitzeko lur eremu gehiago suntsituko badira, badagokigu zentzugabekeria horri muga bat jartzea. EAEn hutsik edota erabilera gutxi ematen zaien 100.000 etxebizitza egonik, eta milaka etxebizitzek birgaitze lanak behar badituzte, lehentasuna ezin da izan eraikitzen jarraitzea. Hutsik dauden etxeak alokairu merkatura atera daitezen sustapen neurriak abiatu behar dira, baina era berean merkatua era espekulatzaile batean ixten duten etxebizitza hauen jabetza zigortuko duten neurri zehatzak beharrezkoak dira. Norbanakoaren jabetza eskubideak beste milaka norbanakoen eskubidea urratzen duenean, gizarteak aurrerapauso ausart bat eman behar du. Gizarte pedagogia gehiago eta maximalismo gutxiago behar dugu.

Duela hilabete gutxira arte, etxe-eraikitzaileek babes ofizialeko etxeak (BOE) euren dinamikaren etsaitzat hartzen zituzten. Eraikuntza esparruan sortzen ziren gaitz guztien arduraduna etxebizitza publikoa omen zen. Orain, berriz, bizitokiaren beharrei erantzuteko babes ofizialeko etxeen eraikuntza euren esku hartu nahi dute. Eraikuntza esparruan gertatu izan diren krisialdietan babes ofiziala izan da egoeratik ateratzeko babesa. Gertaera honen aurrean, ezinbesteko egiten da alokairuzko etxebizitza publikoaren alde egitea.

Etxebizitza eskubide eta zerbitzu publiko izatearen alde egin nahi izanez gero, horiek alokairuan esleitzea litzateke egokiena. Hasteko, unibertsaltasun logikari erantzuten diolako, hau da, zerbitzu bakar baten bidez behar eta gizarte egoera ezberdinei ematen zaielako erantzuna. Pertsona ororen ordain-ahalmenera egokituko diren alokairuzko etxebizitza publikoak, behar aldakorrei erantzungo dioten etxebizitzak, mugikortasun handiagoa erraztuko dutenak... bestetik, publikoa den zerbitzuaren logikatik baliabide publiko bat esleitzeko modurik bidezkoena delako. Erabilera da esleituko dena, ez jabetza, eta, hala, administrazioak beti izango du lurraren jabetza eta, ondorioz, ez du ondasuna kudeatzeko gaitasuna galduko. Azkenik, eta barneratzailea izango den gizarte baten eraikuntzan ezinbestekoa delako errenta maila ezberdinen araberako zerbitzu ezberdinik ez sortzea. Egungo etxebizitza publikoaren eredua zatitzailea da (etxe sozialak behartsuentzat, BOEak maila ertain-baxuarentzat eta salneurri tasatutakoak ertain-altuentzat), pentsa dezagun une batez, osasunak ere horrela funtzionatuko balu, onartuko al genuke?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo