GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Manifestaldiak eta zigor bikoitzak

Ipar Euskal Herrian gertatutakoa ikaragarria izan da, baina erantzuna eman da, kezka emendatzen ari baita norabide politikoa definitu beharko den uneetan. Estatuak bidea markatu du eta horretaz ez dago zalantzarik. Urrats berria eman da, eta ondokoak etorriko dira

Bi mila jende Baionako karriketan. Egun batez berrogei hautetsiren izenpetzea, hamar auzapezenak ere. Emaitza hogei atxilotu eta hogeita lau askatze. Beldurra, susmoaren sortzeko sarekada.

Noski Kalakako txostenari lotu gazteek ezin dute herrira itzuli hau baita hautatu duten zigor gehitzea. Euskaldunentzat txostenak edekitzen dituzte, delituak asmatzen frantses Estatuan nork manatzen duen erakusteko, biztanlegoari buruz errepresio mezuaren igortzeko. Deliturik ez dagoelarik epaileei ere zaila zaie bat asmatzea, baina ministroaren aurrean itxura zaindu behar izaten da. Ondorioz Euskal Herritik kanpo atxikitzen dituzte gazteak, alegia, pertsona arriskutsuak direla haien herrietan. Deliturik ez dago baina zigorra bai. Justiziaren arramoldaketa Sarkozy, Alliot, Datiren bidetik.

Prentsan komentariorik ez, debate zabala ideki omen dute Parisen Estatuko prentsaren egoeraren aztertzeko, oso prentsa seriosa eta arduratsua baita Frantzian, Gobernuak eta enpresa handiek hautatzen dituzten mezu eta diskurtsoak ederki banatzen dituzte. Eta lana badute, ekonomia erortzen ari den honetan sistema ederki kontrolatua dela sinestarazteko! Aldiz, eguneroko gertakizunei buruz, egiten ez duten lanaz eta hedatzen duten propagandaz hitz eginen al dute?

Ipar Euskal Herrian gertatutakoa ikaragarria izan da, baina erantzuna eman da, kezka emendatzen ari baita norabide politikoa definitu beharko den uneetan. Estatuak bidea markatu du eta horretaz ez dago zalantzarik. Urrats berria eman da eta ondokoak etorriko dira.

Errepresio ekintza horietan bi erbesteratu sarean atxiki dituzte eta oso gutxi aipatua izan da. Frantziak bere trukaketa lana jarraitzen du Espainia pozik utzi nahi duelarik, erbesteratu bat atxilotzen du, Poliziaren lan eraginkorra erakusten du, nahiz eta atxilotuak aspalditik bizi legala eramaten badu ere. Babesik ez dago.

Errealitate hau zabaltzen ari da frantses Estatuan egunetik egunera. Izan ere, Jean Marc Rouillani, hogei urte preso egon eta gero, askatzeko bidea onartu ziotelarik, nahiz eta gauero presondegira sartu behar lo egitera, aukera moztu diote orain. Kasu horretan ere zigor bikoitza jarri zaio. Askatzeko baldintza ezarri zioten, alegia, bere ibilbideaz hitz egitea debekatzen zitzaiola. Rouillanek prentsaren presioaren arintzeko elkarrizketa bi onartu zituen non hitz egiteko baimena kendua zitzaiola esplikatzen zuen, besteak beste. Ondorioz, askatasun bidea moztu diote eta berriz ere preso sartu. Bide honetatik, zigorra noizbait betea izango al du?

Militante politikoei buruzko errepresio bideak azkartzen ari dira. Olivier Besancenotek erreakzionatu du, frantses politikoek erreakzionatu ez duten bezala, eta horren salatzera atera da. Hau da egun hauetako ekintza baikor bakarra.

Zigorrak bikoizten direlarik, justiziak interes politikoak jarraitzen dituelarik gazteek justiziaren baitan ezin badu sinetsi, zer-nolako aterabidea gelditzen da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo