GARA > Idatzia > > Mundua

Obama eta McCainen arteko hika-mika areagotu egin da Palinen adierazpenengatik

Sarah Palin lehendakariorde izateko John McCainen hautagaiak gogor jo zuen atzo Barack Obamaren kontra. «Terroristekin» harremana izatea leporatu zion. Hautagai demokratak berehala erantzun zion. Kanpaina irainez bete nahi izatea egotzi zien errepublikarrei.

GARA |

Sarah Palinek Alderdi Demokrataren haserrea eragin zuen atzo egin zituen adierazpenekin. Barack Obamari «terroristekin lagun arteko harremanak» izatea leporatu zion. «Ameriketako Estatu Batuak hain akasduna dela uste duenez, beren herrialdea suntsitzeko prest egongo liratekeen terroristekin harremanak ditu», nabarmendu zuen ekitaldi politiko batean.

Halako adierazpenak «The New York Times» egunkarian argitaraturiko artikulu batean oinarritu zituen. Ezkerreko Weathermen taldearen sustatzaile Bill Ayersek eta Obamak noizbait eta kasualitatez topo egin dutela aipatu zuen egunkariak.

1960ko harmakadan, Ayersi Pentagonoaren eta Kapitolioaren kontrako zenbait erasorekin zerikusia izatea leporatu zioten. Egun irakaslea da.

1990eko hamarkadan Obamarekin topo egin zuen Chicagon, hezkuntza erreformari buruzko bilkuretan. Geroztik «bien bideak gurutzatu egin dira». Dena den, «ez du ematen bien arteko harremana estua denik. Obamak ez du sekula ere Ayersen muturreko ikuspuntuekiko eta ekintzekiko begirunerik azaldu». Egunkariaren arabera, Ayersi buruz mintzatzean, bere bizilaguna besterik ez dela argudiatu du hautagai demokratak. «Chicagon hezkuntza gaiak jorratzen dituelako ezagutzen dut», azaldu zuen.

«McCain senatariak eta bere taldeak nahiago dute kanpaina irainez betetzea, benetan garrantzitsuak diren gaiei buruz hitz egitea baino. Ameriketako Estatu Batuak altxatu beharrean, nahiago dute gure kanpaina lurretik botatzea», plazaratu zuen Iparraldeko Karolinan egin zuen agerraldian.

«Errealitatearekin harremana galtzean, ideiarik ez duzunean eta denbora agortzen ari zaizunean gertatzen dira horrelakoak», plazaratu zuen Obamak.

gora eta behera

Ekonomia krisia dela eta, Obamak gora egin du inkestetan. McCainek, berriz, beherantz egin du. Gauzak horrela, kanpaina gogortuko dela uste dute adituek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo