GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko txapelketaren aurkezpena

Kaiolako giltza ondo gordeta dago

Salbideak azaldu zuenez, zerrendako lau lehenek baino ez dute hurrengo urterako lekua ziurtatuta; gainerakoak enpresen esku daude.

p047_f01_777x777.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Imanol Agirreri eta Sebastien Gonzalezi -lapurtarra ez zen atzo aurkezpenean egon- grazia handirik egingo ez zien arren -beraiek izan dira kaltetuenak, iaz bina partida irabazi arren aurtengo Lau eta Erdia behe-behetik hasi beharko dute-, EPELek antolatutako 18 txapelketa honek gauzak betiko argi uzteko balio izango du. Izan ere, iazko emaitzak errespetatu ez izanaren arrazoien inguruan galdetuta, Asegarceko zuzendari Iñigo Salbideak argi utzi baitzuen lau zerrendaburuak izan ezik -beti ere Aspen edo Asegarcen jarraitzen badute- gainontzeko partehartzaileak nortzuk diren erabakitzea enpresen nahien araberakoa izango dela. Hau da, kaiolako eta beste txapelketako giltza enpresek daukatela, eta hurrengo urterako kopia bat izateko lau lehenen artean sartu beharra dagoela argi eta garbi utzi zuten.

«Araudiak ez du esaten nork jokatu behar duen, horretarako eginda baitago. Enpresek txapelketa antolatzerakoan beste faktore batzuk izaten dituzte kontuan; pilotariaren sasoia, azken hilabeteetako emaitzak... Inork ezin du esan araudian esaten denaren aurkako ezer egin denik, araudiak ez baitu horren inguruan ezer esaten, eta erabakia erabat enpresariala da. Emaitzen arabera, ligaxkara sailkatzen direnak eta txapelduna mantentzen dira, eta beti ere EPELeko enpresa batean jarraitzen badu», azaldu zuen.

Etorkizunari begira oso argigarria den azalpen hau izan zen Lau eta erdiko Txapelketaren aurkezpenak eman zuen berririk nabarmenena. Gainerakoan, txapelketak betiko lehiaketa sistema errepikatuko du, hau da, lau onenek finalerdietako ligaxka jokatuko dute eta lau zerrendaburuak, Titin III.a, Barriola, Martinez de Irujo -Iberokoa ere ez zen atzo Bilbon izan belaunean garrantzi handirik gabeko mina zuelako- eta Aimar Olaizola final-laurdenetan sartuko dira lehiaketara.

Aimar zalantzan

Azaroaren lehen asteburuan jokatuko dira ligaxka aurreko azken kanporaketak eta, beraz, hiru aste dauzka Aimar Olaizolak sanmateotan izandako lesioa osatzeko. Goizuetarra atzoko aurkezpen ekitaldian egon zen baina oraindik ez dago argi lehiaketan parte hartuko duen. Hobera egin duen arren, aurrelaria ez zen oso baikor agertu: «Ondo ez banago ez naiz jokatzera irtengo. Jakin badakit jokatuz gero ez dudala joko onik egingo, baina garrantzitsuena osasuntsu egotea da. Oraindik besoa mugitzen dudanean min egiten dit eta ikusi beharko nola nagoen», azaldu zuen.

Lehiakideei dagokienez, Asegarce izan da bere ordezkaritza gehien aldatu duen enpresa, izan ere, bost dira berrikuntzak. Pablo Berasaluze, Asier Olaizola eta Patxi Ruiz kaiolara itzuliko dira; Iñigo Diazek, bigarren mailako txapeldunak, eta Julen Retegik, berriz, lehendabiziko aldiz jokatuko dute. Leiza, Chafee, Saralegi, Esain eta Mendizabal dira kanpoan geratu direnak. Buruz Buruko egungo txapelduna den Oinatz Bengoetxea, Koka, Iker Arretxe, Aimar Olaizola eta kanporaketa jokatu behar izan duen Imanol Agirre dira Bilboko enpresan iazko txapelketan izandako eta aurtengoan ere izango diren pilotariak.

Aspen aldiz, bi berrikuntza baino ez daude: Larralde eta Olazabal iaz Mikel Goñi eta Enrique Galatzak bete zituzten tokietan arituko dira. Titin III.a, Barriola, Xala, Martinez de Irujo Gonzalez, Xala, Berasaluze, Del Rey eta Zubieta dira Eibarkoen artean errepikatuko dutenak.

Zozketak erabaki zuenez, Gonzalez eta Retegi Bik emango diote hasiera txapelketari ostiral honetan Getxon; larunbatean Labriten Olaizola I.ak eta Diazek eta Patxi Ruizek eta Del Reyk jokatuko dute. Lehen jardunaldia astelehenean amaituko da Tolosan, Kokaren eta Berasaluze IX.aren arteko partidarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo