GARA > Idatzia > > Kultura

«Bertsulari Xapelketa» antolatuko da lehen aldiz Ipar Euskal Herrian

2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako baliogarria izanen den Ipar Euskal Herriko lehen txapelketa urriaren 18an hasiko da Donibane Garazin. Beste bi kanporaketak urriaren 25ean Luhuson eta azaroaren 2an Urdiñarben eginen dira. Hiru probintzietako kanporaketen ondoren finala Donibane Lohizunen jokatuko da azaroaren 15ean. «Historikotzat» definitu dute antolatzileek lehiaketa, eta aldi berean etorkizunerako «hazitzat» ere jo dute.

p040_f01__35697.jpg

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

Ordua, tenorea, heldu zaio bertsolaritzari Ipar Euskal Herrian. Txapelketaren antolatzailea den Bertsularien Lagunak elkarteak argi utzi zuen atzo antolatu prentsaurrekoan hamarkada txar batzuen ondoren garai berri bati eman nahi diotela hasiera: «Ereiteko tenorea, hizkuntzaren tenorea, bertsoaren tenorea, iparraldeko txapelketaren tenorea da», esan zuen Maialen Hiribarrenek elkartearen izenean.

Lehen aldiz antolatuko da aurten txapelgoa eta horren bitartez, garai berri bati eman nahi diote hasiera. «Azken 30 urteetan bertsolaritza basamortuko loreak bezalakoa izan da», azaldu zuen Erik Etxartek, txapelketa antolatzen duen taldeko kideetako batek. Loreen haziak urteetan hare azpian egon dira gordeak, baina orain hazteko garaia heldu zaiela nabarmendu nahi izan zuen. «Parioa, apustua erdietsiko dugu, erein dugu eta ondoko urteetan zabalduko da», adierazi zuen Maialen Hiribarrenek.

«Euskararen amodioz»

«Txapelketa bultzada bat izanen da eta Bertsularien Lagunek urteetan egin duten lana ikusiko da», adierazi zuen lehiaketan parte hartuko duen Odei Barroso bertsolari gazteak. Mixel Xalbadorrek ere elkartearen lana nabarmendu zuen: «Lanak ez ditu izutu antolatzaileak, lan baliosa egin dute eta dena euskararen amodioz».

Elkartearen lanaren ondoren lana bertsolariei zegokiela adierazi zuen Xalbador bigarrenak. «Txapelketa bertsolaritzarentzat ona da, bertsolarientzat, ordea, ez da gozoa, baina indarra eginen dugu gogotik».

Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duharte bestalde honela mintzo zen: «Oso lan garrantzitsua da gure hizkuntza eta kulturarentzat».

Odei Barrosok azaldu zuenez, «urteetan zehar plaza gutxi izan dira» eta Ipar Euskal Herriko euskaldunen artean bertsolaritzarako atxikimendu handirik ez da egon. «Txapelketa bultzada izan daiteke euskaldunak bertsozaletzeko», esan zuen.

Bertsolaritzak bere baitan duen alderdi poetiko-metaforikoak hartu zuen txapelketaren aurkezpena. Horrela bertsolaritzaren garapenean bertso eskolek izan duten garrantzia azaltzeko Erik Etxartek honakoa baieztatu zuen: «Azken hamar urteetan bertso eskolak gure lore berriak arin hazten laguntzen diguten berotegiak dira». Egun, Ipar Euskal Herri osoan 70 ikasle inguru biltzen dituzten hamar eskola daude. Amikuze Oztibarre eskualdean bertso eskola berri bat sortzeko asmoa dago.

Ipar Euskal Herriko txapelketaren lehen edizioa bertan dela ospatzeko eta ereserki bat izan dezan, Mixel Etxekoparek musika berezia osatu du.

BASAMORTUKO LOREA

«Azken 30 urteetan bertsolariak basamortuko loreak bezalakoak izan dira», adierazi zuen Erik Etxartek. Loreen haziei, urteetan hare azpian gordeak egon eta gero, hazteko garaia heldu zaie txapelketarekin.

Fitxa

Data eta tokia: Urriaren 18an, Donibane Garazin, urriaren 25ean Luhuson azaroaren 2an Urdiñarben eta finala azaroaren 15ean Donibane Lohizunen.

Antolatzailea: Bertsularien Lagunak elkartea.

Sarean: www.ibertsu.com

Hamasei bertsolariren neurtitzak entzunen dira

Xalbador bigarrena izengoitiaz ezagun den Mixel Aire adintsutik Odei Barroso gaztera bertsolari ezagun eta hain ezagunak ez direnak izanen dute bere tokia txapelketan. Hamasei izanen dira orotara, eta horietatik hamalauk Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan beren tokia izateagatik lehiatuko dira. Amets Arzallus eta Sustrai Colinak norgehiagokan parte hartuko badute ere, Euskal Herriko txapelketan bere tokia ziurtatuta dute aurreko edizioan finalean geratu zirelako.

Gazteria gehiengoa izanen da, baina adin guztietako parte-hartzaileak izanen dira, eta neskek ere euren tokia egin dute.

Eneritz Zabaleta, Egoitz Zelaia eta Ekhi Erremundegi Miren Artetxe eta aurreko bi kanporaketetako hirugarrenarekin lehiatuko dira Urdiñarben. Luhusoan Amets Arzallus, Odei Barroso eta Mixel Xalbadorrekin batera Mizel Mateo, Patxi Iriart eta Karlos Aizpurua arituko dira bertsotan. Heldu den asteburuan Donibane Garazin Sustrai Colina, Maddalen Arzallus eta Kristiñe Txoperenarekin Xumai Murua, Gillen Hiribarren eta Xan Alkhatek hartuko dute parte kanporaketan. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo