Lekunberritarrek mozorrotuta egingo dute gaur herri bazkaria
Lekunberrin jaietako egun nagusia ospatzen dute gaur, eta horren adierazle da gaurko herri bazkaria. Zahar eta gazte, 400 lagun inguru bilduko dira gero eta arrakasta handiagoa duen mahai inguruko bilkura honetan. Aurten, gainera, lehenagoko ohitura bat berreskuratuz, mozorrotuta agertuko dira bazkalkideak.
Jasone MITXELTORENA |
Lekunberrin egun handia dute gaur, atzoko ilunabarrean botatako suziriak herriko bestak abiarazi ostean, herri bazkarian bilduko baitira eguerdian. Aurreikusita dute 400 lagun inguru biltzea, beraz, ia herri erdia elkartuko da mahaiaren inguruan. Aurten mozorroturik agertzeko deia egin dute, gaitzat oporrak hartuta. Izan ere, frankismoaren garaian inauteriak desagertu egin ziren herrian, eta garai ilun haiek pasatzean, lekunberritarrek herriko bestetan mozorrotzeko ohitura hartu zuten. Geroztik inauteriak berreskuratu dituzte, eta beraz, badira zenbait urte mozorrotzeko ohitura hura itzuli dela negura, aspaldian ohikoa zen gisan.
Hala ere, gazteek izan dute horren berri, eta gaurko egunez egiteko ohitura duten herri bazkarira ekarri nahi izan dute besta modu hori. Lekunberriko bestak jai batzorde ireki batek antolatzen ditu. Inmakulada Etxarri da batzordeko arduraduna, eta berak azaldu zuenez, uztailean hasi ziren bilerak egiten. Gazte askok parte hartu zuen bilera haietan, eta beren iritzia eman ahal izan zuten: «Udan zehar beste jaietan ikusitakoen eta jendeari gustatutakoen berri eman zuten, eta kontrapisuan, nik urte osoan herritarrekin lan egiten dudanez, gainerakoei gustatzen zaiena ere kontuan izan dugu», azaltzen du.
Horregatik, «Lekunberrin gau eta egunez denek ongi pasatzeko aukera izango dela» jakinarazi du Etxarrik. Kultur arloa lantzen du berak, eta beraz, beste- tako berezitasun gisa aurkeztu digu larunbatean Knorr kiroldegian izango den kontzertua. Emanaldia 20.00etan hasiko da, eta euskal kultura ardatz harturik, «betiko musika eta herri kantak» nagusituko dira. Lekunberriko jaietan gastronomiak ere garrantzi nabarmena du. Atzo adinekoek bazkaria egin zuten, eta gaurko herri bazkariaz gainera, bihar 11.30ean gazteek patata-tortilla lehiaketa egingo dute. Helduagoek Ajoarriero txapelketa egin ohi dutenez -larunbatean, 12.00etan hasiko dira- gazteek ere beren lehiaketa prestatu dute. Ostalariek ekarpena egin nahi izan diete jate-kontuei, eta gaurko Pintxo Eguna prestatu dute. Hala, 19.00etatik aitzinera tabernetan pintxoak eskainiko dituzte.
Aitzur-jaurtitzea
Kirola eta mus lehia herri guztietako bestetan ezinbestekoak dira, eta Lekunberriko egitarauan ere leku berezia dute. Gaur goizean Larraun-Lekunberri pilota eskolako gazteak arituko dira, 11.30etik aitzinera; bihar afizionatuen arteko partidak jokatuko dira 17.30etik aitzinera, eta igandean berriz, profesionalen txanda izango da. Aizkolariak eta bestelako herri-kirolak ere izango dira egunotan, herritar askok segitzen baitituzte erakustaldiak. Larunbatean emakumeen herri-kirolak izango dira, 18.00etan hasita. Lehiari dagokionez, bitxia da azken urteetan gazteen ekimenez jokatzen den aitzur-jaurtitzea. Erriberako nekazari giroko herrietan ohikoa bada ere, Lekunberriraino iritsi da baratzeko lanabes hau jaurtitzeko jokoa.
Gaurko egitarauari dagokionez, 16.00etatik aitzinera Oskar Estangaren emanaldia izango da; 17.00 aldera, pottokak aterako dira; eta 20.00etan gazteen mus lehiaketa hasiko da. Atzo afaria egin zuten gazteek.
Haurrek euren txupinazoa botako dute bihar 12.00etan, eta arratsaldean askaria eta musika izango dituzte gozagarri. Gazteentzat Txortains elektrotxaranga aterako da kaleak animatzera, eta 00.00etan mexikar gaua hasiko da.