GARA > Idatzia > > Mundua

Hego Kurdistanen «segurtasun eremua» ezarri nahi du Turkiak

PKKren erasoei aurre egiteko asmoarekin, Hego Kurdistanen «segurtasun eremua» ezartzeko prest dagoela adierazi du Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek. Irakeko Estatuaren lurra okupatzea ekarriko luke horrek eta Washingtonek ez du begi onez ikusten.
p031_f01_097x144.jpg

GARA |

Armadak Hego Kurdistanen PKKren aurkako operazioak burutzeko baimena urtebetez luzatzeari oniritzia eman zion atzo Turkiako Parlamentuak. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak Hego Kurdistanen PKKren aurkako eraso bat egiteko prest zegoela nabarmendu zuen joan den asteazkenean.

Honekin batera, Hego Kurdistanen PKK-k eraso gehiago ez egiteko «segurtasun eremu» bat ezarri nahi du Ankarak. Hau da, Irakeko Estatuko lurraldea okupatu nahi du kurduen aurka aritzeko. Erdoganek horretarako prest zegoela adierazi zuen atzo, oposizio kemalistako CHP alderdiak egindako proposamena bere eginez.

Turkiako eta Irakeko Estatuen arteko 384 kilometro luze den muga ixtea nahi du Ankarak, horrela PKK-k Ipar Kurdistanen ekintzak burutzea zailtzeko.

Abdullah Gül Errepublikako presidenteak Finlandiatik nabarmendu zuen Armadari emango dion baimenak «soilik PKKko terroristen aurka jotzeko, eta ez bertako populazioaren kontra egiteko» balio izango duela. Helsinkin bisita ofiziala egiten ari zen Gül.

Sostengu zabala Parlamentuan

Ankarako Parlamentuan egindako bozkak ez zuen inolako ezustekorik ekarri, 550 diputatuen gehiengo zabalak Erdoganen asmoekin bat egiten zuelako. Soilik DTP alderdi kurduko 18 diputatuak zeuden halako beste inbasio baten aurka.

Armadak Hego Kurdistanen esku-hartzeko zuen baimena urriaren 17an amaitzekoa zen. Baimen horretaz baliatuz, Armada turkiarraren hegazkinek Hego Kurdistaneko herrixkak bonbardatu dituzte azken urtean. Ankararen arabera, PKKren 2.000 kide hil dituzte halako operazioetan. Otsailean, berriz, lurreko tropen bidez zortzi eguneko inbasioa egin zuten turkiarrek.

Joan den ostiralean, matxino kurduek Armada turkiarrak Hego Kurdistanetik gertu zuen kaserna baten aurkako ekintza burutu zuten, eta 17 soldadu hil ziren. Armadak horren aurrean erantzun, eta PKK-ko 25 kide hil zituen, betiere, Ankararen bertsioari helduz. Gerrilla kurduaren ekintza horrek Ankarako Armadak inbasio gehiago egitea justifikatzeko balio izan duela nabarmendu dute adituek.

Turkiako Gobernuak Hego Kurdistaneko Eskualde Autonomikoari PKKri sostengua ematea egotzi dio. Hori da inbasioa justifikatzeko erabiltzen duen argudioa.

Halere, AEBk, Turkiak NATOn duen aliatuak, ez du begi onez ikusten du Hego Kurdistanen epe luzerako inbasio bat. Kontuan izan behar da, AEBk Irak inbaditu zuenetik, Hegoaldeko kurduak lagun izan dituela okupazioa mantentzeko.

atentatua

Gutxienez lau polizia turkiar hilik eta beste hamaika zauriturik izan ziren atzo, Ipar Kurdistango Diyarbakir hirian, polizia-eskola bateko ikasleak zeramatzan auto baten aurka matxino kurduek egindako erasoan.

operazio militarra

Turkiako Armadak jakitera eman zuenez, PKK-ko lau kide hil zituen atzo Ipar Kurdistaneko hiru probintziatan egindako operazio batean. Gerrillak Ilisu urtegiaren aurka jo zuen erasoan.

dtp

DTP alderdi kurdua izan zen atzo Ankarako Parlamentuan Armada turkiarrak Hego Kurdistanen operazio militar gehiago egiteko baimenaren aurka bozkatu zuen talde bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo