Lehen urratsak aztertzen
Taldeak emandako irudi ona baikor egoteko arrazoia da
Azken hilabetean bi puntu besterik eskuratu ez dituen arren, taldeak lasaitasunez jarraitzen du lan egiten. Codinaren ustez, partida guztietan irabazteko aukerak izateak konfiantzarako tartea uzten du.
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Sekulako denboraldi hasiera egin ondoren, azken asteotan aldapan behera doa Eibar. Emaitzei dagokionez, behintzat, azken hilabetean -lau partidatan, hain zuzen ere- bi puntu besterik ez ditu eskuratu. Halere, norgehiagoka gehienetan emandako irudi ona dela-eta, gipuzkoa- rrek baikortasunez begiratzen diote etorkizunari.
«Taldea ondo ikusi dut -esan zuen atzo Lluis Codinak, lau partida hauek harmailetatik jarraitu ondoren-. Aurpegia eman du beti eta partida guztietan irabazteko aukerak izan ditu. Ondo ikusi dut eta, horregatik, baikor gaude». Izan ere, erdilariaren ustetan Eibarrek puntu gehiago izan beharko lituzke. «Hiru bat bai. Gehiago ez, beharbada, adibidez, Elchen azken minutuetan irabazi baikenuen oso partida parekatu baten ondoren. Baina bai, hori da daukagun sentsazioa. Hala ere, normala dela uste dut. Sekulako parekotasuna dago maila honetan, lehia estuak izaten ari dira eta emaitza asko azken unean aldatu dira... Horrelakoa da Bigarren Maila. Hutsegiteak izatea ere futbolaren zati bat da, denon helburua ahal den gutxienak egitea bada ere. Gure kasuan, argi dago hobetzeko alderdiak ere badaudela, baina nire ustetan ez gara inolaz ere larritu behar orain arte ikusi dugunagatik».
Baikor agertu zen Codina datorren partidari buruz hitz egiteko orduan ere. «Helmantico zelai ona da, Salamanca baloiarekin ondo jokatu nahi duen taldea dela uste dut eta, nire ustez, presioa ondo egiten badugu, baloia zelai erdian lapurtuz, goian mina egin dezakegu. Gainera, eurek Kopan jarraitzen dute eta guk baino gehiago nabaritu dezakete nekea», esan zuen.
Codina, izan ere, Salamancan berrager daiteke, azken hilabetean zelaitik kanpo utzi dion lesioa gainditu eta gero. Asteartean Zalduaren aurkako partida jokatu zuen, baita atzo normaltasunez entrenatu ere, eta, beraz, prest egotea espero du. «Nahiko luzea egin zait, azkenean lau partida izan dira -onartu zuen-. Baina lesioak pazientziaz hartu behar dira. Baita borondate handiz ere, entrenatzen hasiz gero, gogor lan egin behar baituzu erritmoa lehen baino lehen bere onera ekartzeko».
Carlos Pousok Carmelo ere berreskura dezake igandeko partidarako. Baita Natxo Insa, Txiki edota Sutil ere. Hiru hauek ezin izan zuten astearteko lagunartekoa jokatu, baina atzo taldekideekin lan egin zuten, inolako arazorik gabe.
Jose Casesek, berriz, ezin izan zuen lan saioan parte hartu, baina, iragarritakoaren arabera, gaur taldekideekin aritzeko prest egongo da, baita igandean Salamancara bidaiatzeko ere.