GARA > Idatzia > > Kultura

Simon de Beauvoir feministaren biografia bildu du Agirreurretak

p050_f02_88x65.jpg

GARA | DONOSTIA

Atzo aurkeztu zuen Arantxa Agirreurreta kazetariak Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen liburua, Simone de Beauvoir zenari buruzko biografia, hain zuzen ere. XX. mendearen testigu izandako emakumea izanik, ideia horrekin zerikusia duen izenburua jarri dio liburuari Agirreurretak: «Simon de Beauvoir. Emakume libre bat XX. mendean».

Simone de Beauvoir (1908-1986), feminismoaren ikurra izan da askorentzat, baina 50eko hamarkadaren amaiera arte, «Le deuxième sexe» idatzi arte, hain zuzen ere, ez zen emakumearen aldeko borrokaren militante bihurtu. Agirreurretak liburuan azaltzen duenez, idazlea bere existentziarekin eta bere inguruan gertatzen zen guztiarekin oso gaztetatik arduratu zen; ezagutzea eta kontatzea, «horixe izan zen inoiz baretu ez zitzaion grina». Parisen jaio zen idazle eta intelektualak, bai bere obrengatik, bai eta bere bizitzagatik ere, mugimendu feministan paper garrantzitsua izan zuen.

Bestalde, Medea elkarteak antolatutako «Simone de Beauvoir 100 urtean. Feminismoa atzo eta gaur» izeneko jardunaldiek gaur izango dute amaiera. Astelehenetik hasita, Simone de Beauvoiren pentsamenduak izandako oinarri filosofikoak, izandako ondorioak eta oraindik ere emakume horrek duen eragina aztertu dituzte, besteak beste. Gaur, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Gradu Aretoan Elvira Burgosek «Del llegar a ser mujer: Beauvoir, Wittig y Butler» izeneko hitzaldia eskainiko du. Jardunaldiak bukatzeko, berriz, iluntzeko 19.30ean Koldo Mitxelenan «La pregunta por la identidad: feminismos disidentes» izenekoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo