Doccas Daviden heriotza salatu eta erasoei aurre egiteko eskatu dute ozen
Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deituta, Doccas Daviden heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritan. Indarkeria sexistak eragiten duen azkena izan dadila eskatu zuten.
GARA |
Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformak hainbat elkarretaratze egin zituen atzo iluntzean, emakumeen aurkako erasoak salatzeko eta bereziki, igandean Santurtzin ustez bikoteak hil zuen Docca David 26 urteko emakumearen heriotza gaitzesteko.
Baina batean eta bestean egindako protesta ekitaldietan salaketa harantzago eraman zuten, eta herritarrei zein instituzioei, «behingoz harreman parekideak lortzeko» lan egiteko eskatu zieten.
Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan egin ziren elkarretaratzeak. Besteak beste, Bilbon 120 lagun bildu ziren, Iruñean 40, Gasteizen 60, Arrasaten 120, Tolosan 25, Errenterian 45, Zarautzen 35, Azpeitian 40, Altsasun 15, eta Algortan 10.
Oraindik ere gehiago izango dira Doccas Davidi egindako erasoa eta, oro har, eraso sexistak salatzeko egingo diren ekintzak. Larunbat honetarako Santurtziko gizon talde batek «berdintasunaren alde eta sexismoaren aurka» elkartzeko deia egin du. «Gizonek auzi horren aurkako jarrera agertzeko garaia da, indarkeria matxista eta sexismoaren aurkakoa, eta berdintasunaren aldekoa».
Adierazi dutenez, Santurtziko Doccas Daviden heriotza «sexismoaren arazoaren icebergaren gaina» baino ez da, eta gizon guztiak ez dira horren errudunak, baina bai norberaren jokabide eta jarreren arduradunak.
Horregatik, larunbat goizean gai horren gaineko gogoeta egiteko Udal Euskaltegian biltzeko deia egin dute. Ondoren, eguerdiko ordu batean elkarretaratzea egingo dute.
Urtea hasi zenetik bost dira jada indarkeria sexistak eragindako heriotzak. Erasoak, gainera, egunero gertatzen dira.
Atzo ohartarazi zuten, esaterako, bikotea erasotzea egotzita, J.I.M.S. 47 urteko gizonezkoa atxilotu zuela pasa den astelehenean Gasteizeko Udaltzaingoak. Udaleko ordezkariak azaldu zutenez, astelehen gauean atxilotu zuten gizona. Herritar batek eman zien abisua, emakume bat kalean «noraezean» zebilela. Udaltzainak emakumearengana iritsi zirenean, hark argitu zuen bere bikoteak eraso egin ziola. Gainera, azaldu zuenez, erasoak eta irainak ohikoak ziren elkarrekin bizitzen hasi zirenetik. Emakumea ospitalera eraman zuten zauriak sendatzeko eta ustezko erasotzailea berriz, atxilotua izan ondoren, epailearen esku utzi zuten.