Etxeko denboraldiko lehenengo partida
Garaipena behar lukeena kolokan Prigioniren lesioa dela-eta
TAU BASKONIA-MANRESA
GARA | GASTEIZ
Ricoh Manresa izango da Tau Baskoniak 2008/09 denboraldian Zurbaon hartuko duen aurreneko aurkaria. Logikari jaramon eginez gero, gasteiztarrek arazo handirik gabe irabazi behar lukete gaur arratsaldeko partida.
Dena dela, arabarren aldartea ilundu duen faktorea Pablo Prigioniren osasun egoera da. ViveMenorcaren aurka ezker oineko behatz batean «artritis traumatikoa» jasan zuen eta, beraz, azken unera arte zalantzan egongo da parte-hartuko duen ala ez. Bestetik, Tiago Splitterrek oraindik ez du senda-agiria jaso.
Prigioni jokatu ezinik geratuko balitz, Mustapha Shakur ordezkoak minutuak izango lituzke, orain arte egin duen lana behar bezain egokia izan ez den arren.
Hala ere, ez da ahaztu behar talde arabarrak 2005eko abenduaren 4an irabazi ziola azken aldiz Ricoh Manresari. Iaz bertan, Jaume Ponsarnauren gizonek ligako bi neurketak irabazi zituzten.