PORTLAND
Chehovskie ez da izango talde nafarrak duen etsai nagusia
GARA | IRUÑEA
Mirari bati buruz hitz egitea gehiegizkoa izango litzateke, baina Portlandek Moskun (19.00) zain duen erronka izugarri zaila da.
Aurkariagatik, noski; Chehovskiek, talde nafarrak bezala, Txapeldunen Ligako E multzoko buruan jartzeko aukera izateak zer edo zer esan nahi baitu. Baina, batez ere, Portlandek dituen arazoengatik. Izan ere, oraingoan, etsai nagusia etxean bertan daukate iruindarrek.
Hasteko, lesioak, zoritxarrez ohizkoa bilakatzen ari den arazoa. Chechu Villaldeak ezin ditu Dominikovic, Juancho, Nikcevic, Malmagro eta Jakobsen erabili; eta esan beharrik ez dago Jorgensen, bizkarrean eta aduktoreetan duen minaren ondorioz, ez dagoela bere unerik onenean.
Horren ondorioz, eta egutegi zoroari esker, nekea ere kontuan hartu beharreko faktorea izango da. Talde zuri-urdinak 48 orduko tartea besterik ez du izan azken partidatik hona, eta, bitartean, hamabi orduko bidaia bati ekin behar izan dio.
Egoera biribiltzeko, Vugrinec, Saric eta Nikolic partida hasi baino ordu eskas batzuk lehenago helduko dira Moskura, atzo ezin izan baitzuten taldekideekin batera bidaiatu, bisatuak lortzeko izan dituzten arazoengatik. Zerikusi handia izan du horretan, Chehovskiek berak, hiru jokalari hauen bisatuak lortzeko ezinbestekoa zen dokumentazioa gaizki eta berandu bidali baitu, Portlandek hainbat aldiz erreklamatu duen arren. Jose Ignacio San Miguel presidenteak, hain zuzen ere, EHFri horren gaineko kexa aurkeztuko diola iragarri zuen.
Hala ere, ilusioz
«Hori guztia kontuan hartuta, ez da batere erraza izango - onartu zuen Chechu Villaldeak- eta galtzea ulertzekoa izan liteke. Baina ez gara aldez aurretik makurtuko. Ilusioaz goaz eta, gutxienez, aurpegia emango dugu».
E multzoko liderra erabakiko duen partida zazpietan hasiko da, Poloniako Baum eta Goralczyk epaileek zuzenduta.