GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Gotzon Garate hil da

Gotzonen hilberri tristeak bati baino gehiagori berak hain maite zuen euskal
atsotitz bat ekarriko zion gogora, Oihenarten harako «32-Arima onari euri/ Le
temps pluvieux, en la mort de quelqu´un, es le signe d´une bonne ame». Gure artean gehiago izango ezbadugu ere, harenoroitzapen goxoa eta lanoparoa bidaide ditugu

Jabier KALZAKORTA Euskal Filologiako irakaslea Deustuko Unibertsitatean

Gotzonen nortasun aberatsean euskaltzaletasuna izan da haren ardatzetako bat. Eta ez euskaltzaletasun hotz eta motza, bero eta suharra baizik. Askok eta askok ezagutu dugun euskararen militanterik handiena izan dela esatera ausartuko nintzateke. Militanterik handiena, euskararenganako maitasuna, aldi eta alde orotan, inolako ikara eta engararik gabe, finko erakusten zuena. Eta euskararen maitatzailea bere oso-osoan izan da. Zehatzago esatera: maitasun hori ez da mugatu gure hizkuntzaren alderdi batera. Euskarazko klasiko zaharren irakurle eta aztertzaile izateaz gainera, egungo euskara biziaren gar eta giharraren jabe egiteko zazpi probintzietako baserrietan gure aitona-amonen ikasle saiatua izan da berrogei urtean. Bai halaxe da. Europako unibertsitateetan ikasten ibili ondorenean Deustuko irakasle egin zen, lehen urteetan soziologian eta gerora euskal filologian. Behin Deustuko irakasle zela, gure euskal lurralde osoko baserrietara joan zen, atzerrietako itzuliaren ondoren motelduxea zuen euskara trebatzera. Mogelen harako Peru Abarka lanean bezala, Euskal Herriko basarteko unibertsitateko edo ikastetxe nagusiko katedradunekin -gure baserrietako aitona-amona ele bakarrekin- euskal ondareko esaera zahar, esapide eta abarren bilketa zein azterketan jardun du. Beste hitzez esanik, euskarak izan duen langilerik handienetakoa izan da, dudarik gabe.

Gutxik usteko zuten, bestalde, marxismo, leninismo, maoismo eta tankera horretako ismoak aztertzen ibili ondoren euskal eleberriak idazten jardungo zuenik. Nola izan zitekeen, bada, beste modu batera Txejov, Kafka eta Dostoievski bezala Raymond Chandler eta Dashiell Hammet berdin-berdin maite zituenak holako lanak ez hartzea? Bai, eleberri poliziakoak maite zituen eta erruz irakurtzen zituen holako lanak. New Yorken, urtero udabidean egin ohi zituen egonaldietan eleberri poliziakoak -beltzak, beltzagoak eta bestelakoak- irakurtzen omen zituen. Euskal Herrirakoan, juduen liburu-dendetan erositako hainbat polizia-alerekin gainezka ekartzen zituen maletak. Deustuko bere apalategiak, bestalde eta besteak beste direla, mundu osoko bibliez mukuru zituen. Jainkoaren hitza berak ezagutu ez ezik, hitz egiten zuen hainbat hizkuntzatan irakurtzea maite zuelako.

Gotzonen hilberri tristea irrati eta gainerako hedabideetatik entzun dugunok are tristeago egin digu euri-egun goibelak. Baina, bati baino gehiagori berak hain maite zuen euskal atsotitz bat etorriko zitzaion gogora, Oihenarten harako «32-Arima onari euri/Le temps pluvieux, en la mort de quelqu'un, es le signe d'une bonne ame». Gure artean gehiago izango ez badugu ere, haren oroitzapen goxoa eta lan oparoa bidaide izango ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo