GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Gotzon Garate joan da, ekarpen ugari utzita

Gotzon Garate euskal idazle eta filologo elgoibartarra atzo hil zen, 74 urte zituela, unibertsitateko eskolak utzita baina erretirorik hartu gabe, bere bizitzako grinarik handienak ez zion-eta hartarako aukerarik eman. Gizon jantzia, jakintsua, munduko hamaika lekutan bizitakoa -beti ere ikasketei, irakaskuntzari eta ikerkuntzari loturik- eta hainbat hizkuntza zekiena. Hizkuntzak maite zituen-eta. Denetan maiteena, ordea, euskara. Hari eskaini zion bere bizitzako lanaren zati handiena. Hura erabili zuen bere libururik gehien-gehienak idazteko, dela eleberria, dela saiakera zein zabalkunde lana.

Zalantzarik gabe, bizitza emankorra Gotzon Garaterena, eta Euskal Herriari eskainia, herri honen adierazpiderik nabarmenenaren eta sakonenaren bidez. Euskararen bidez, alegia. Hainbat nobela eman zion euskal literaturari, hainbat saiakera, marxismoaren gainean ezagunenak. Hala ere, herri euskarak erakarri zuen gehienik, museorako asmorik gabe baina; aitzitik, denboraren joanak eta gertakari ilunek etendako isuri naturala berrosatzeko asmoz, belaunaldi arteko katebegia osatzeko ahaleginean. Euskal Filologia unibertsitatera eraman zuen gizonak, beraz, arlo akademikotik ez ezik, baserritik ere, euskal gramatikaren malkar korapilatsuetatik ez ezik, herri hizkeraren oparotasunetik ere jardun zuen. Urte luzeetan Euskal Herri osoko hizkerak ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan zuen; gutxik duten pribilegioa, inondik ere, bere grina lan bihurtuta. Hara, horren lekuko, milaka atsotitzeko bilduma.

Gotzon Garateren kezka nagusietakoa berak ikasitakoa besteei, bereziki gazteei, transmititzea izan zen, eta ez dira gutxi zuzen edo zeharka gizon jakintsu eta abegikorra irakasle eta erreferentzia izan dutenak. Euskalgintza, haren zordun, gaur tristaturik dago, baina haren ekarpen eskergarekin aberastuta. Horregatik ez ezik, GARAren ohiko kolaboratzailea zen aldetik ere, egunkari honek elgoibartar jakintsuaren falta zinez deitoratzen du, baina harekin izandako hartu-emanak eta utzitako lanak gogobeteta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo