Gotzon Garateren heriotza
«Defuntu onak uri ona», atzoko euritan hil zen Gotzon Garate
Gaixotasun larri batek eraginda hil zen atzo Bilbon Gotzon Garate idazle, filologo eta euskaltzalea. Euskal Filologiaren aitak, ama hizkuntzaren aldeko kontzientzia ardatz hartuta, 30 liburu idatzi zituen, horien artean eleberriak, kronikak eta saiakerak. Nobela beltzaren idazkuntzan aitzindarietako bat izan zen, eta euskal atsotitzei eta esakuneei buruzko azterketa mardula burutu zuen. Euskal Herriko sortzailerik irakurrienetakoa izan da azken urteetan.
A. KAMIO - A. BILBAO | DONOSTIA
Minbizi larri batek eraginda hil zen atzo goizean Gotzon Garate euskaltzale, filologo eta jesulaguna Bilbon, 74 urte zituela. Haren gorpua Loiolako Santutegian ehortziko dute gaur eguerdian, eta azken agurra arratsaldean emango diote, 19.00etan, Deustun egingo duten hileta elizkizunean.
Elgoibarren jaio zen, 1934an, hamaika anai-arrebetatik gazteena. Etxekoen artean beti euskaraz jarduten zuten arren, ez zuen hizkuntzaren gaineko kontzientziarik hartu Durangon batxilergo ikasketak egiten hasi zen arte. Ordutik, euskararen aldeko lanean aritu izan da beti, eta atzean 30 liburu baino gehiagoko bilduma mardula utzi du, Euskal Herriko kultura panoraman sortzailerik irakurrienetakoa izatera iritsiz. Tartean ditu eleberriak, saiakerak eta kronikak. Bera izan zen euskal nobelagintza beltzean aitzindarietako bat, eta bost polizia eleberri idatzi zituen, euskaldunen alfabetatzerako ezinbesteko suertatu zirenak.
Munduan zehar egindako bidaietan ohartu zen eleberri mota hori dela gehien irakurtzen dena, istorioa nola amaituko den jakiteko intrigak eragiten baitu liburua esku artetik kendu ezin izatea. Ongi ezagutzen zuen Garatek eleberri mota hori eta idazteari ekin zion. Bere lanek arrakasta handia izan zuten («Zilarrezko gazteluaren kronika urratua», «Elizondoko eskutitzak») eta polizia eleberriei buruzko teoria liburu bat idaztera ere iritsi zen («Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria»).
Euskal atsotitz eta esakuneen gainean ere gogor jardun zuen lanean. 1967az geroztik, Euskal Herri osoko 23 baserrietan aritu zen ikerketak egiten. Lehenenbizi, Azpeitiko Odriozolatxo ba- serrira jo zuen, bertan eta aztertzeke zituen gainontzeko lekuetan jasoko zuen hizkuntza altxorra, nolakoa izango zen jakin gabe. Etxeko zaharrenekin orduak igarotzen zituen sukaldean hura ala bestea nola esango ote zuten galdezka. Urte luzez jardun zuen lan horretan, baserritarrak esandakoa apuntatu, bulegoan garbira pasa, eta ondoren sailkatzeko. 30 urtetako lana 1995an argitaratu zuen "Euskal atsotitzak" liburuan, eta 14.458 atsotitz baino gehiago bildu eta ezagutarazi zituen, egun Interneten kontsultatzeko moduan ditugunak.
Erlijioa eta marxismoa
Hemeretzi urte bete zituen egun berean sartu zen Loiolako Santutegian, Jesulagun izateko bidean. Bertan hasi zuen bere bizitzako ikasketa ibilbide luzea. Bi urte nobiziatuan aritu ostean, junioratu delakoari ekin zion. Madrilen Filosofian doktore egin zen Unibertsitate Complutensean, Teologian lizentziatu zen Insbrucken, eta Filologia Erromanikoko lizentzia eta Euskal Literaturako katedra egin zituen Deustun. Euskaraz gain, munduko beste hizkuntzak ikasteari ekin zion, latina, grekoa, ingelesa, frantsesa, alemana eta errusiera, kasu.
Friburgon marxismoan espezializatu zen. Pentsaera horrek erlijioa gizartearen opioa dela esaten duen arren, Garatek gertutik jarraitu zuen Marxen ibilbidea. «Jakin» aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean esan zuenez, «Marx filosofo zorrotza zen, pentsalari argia. Idazten zuena sakon idatzita dagoela ikusiko duzu. Ongi ezagutzen zituen gizarteko egiturak eta nahasmenduak». Abade bat Marxen pentsaerak aztertzen ikustea oso ohikoa ez zela onartu zuen, baina, beraren hitzetan, «gizarte kapitalistaren gaixotasuna oso ederki ikusi zuen. Sendatzeko eman zituen erremedioak, ordea, ez ziren egokiak». Espezializazioa gauzatu ostean, marxismoaren gaineko hainbat saiakera egin zituen 1970eko eta 1980ko hamarkadan, adibidez, «Marxen marxismoa», «Marx eta nazioa», «Marxen ondoko errebisionismoa, Rosa Luxemburg» edo «Lenin eta nazioen autodeterminazioa».
Friburgotik itzuli zenean Deusturako bidea hartu zuen Euskal Literaturan katedradun izateko. Gaztetatik zeukan euskararen kontzientzia horren harira, euskara bera aztertzen zuen ikasketa sortzea beharrezkotzat ikusi zuen. Hala, 1978an Euskal Filologia sortu zuen Deustuko Unibertsitatean.
Urte bereko maiatzean, Eus-kal Herriko egunkari guztietara artikulu bat idatzi zuen: «El próximo curso comienza la filología vasca en Deusto». Iragarki hark haserrea piztu zuen unibertsitateko kide askorengan, izan ere, euskal giroa ez zen oso nabarmena toki hartan eta bertan lan egiten zuten 500 bat irakasletatik euskal kulturaz arduratzen zirenak hamabost bat baino ez ziren. Hala ere, deialdi hark jendea erakarri zuen, eta berak hasitako lana egun ere aurrera doa Deustuko Unibertsitatean (oso estimatua izan zen beti ikasleen artean).
New Yorkeko udak
Atzerrian bederatzi urte egin zituen harat-honat, munduko bazterrak euskaldun apal baten begietatik ezagutzeko. Alemaniara eta Austriara egin zituen bere lehenengo bidaiak, baina Venezia, Berlin eta Liverpoolen ere egon zen. Afrikaraino ere heldu zen, baita Asiako hainbat bazterretara ere. Baina ia urtero, uda osoa New Yorken igarotzen zuen; bi hilabete eta erdiko egonaldiak egiten zituen.
Gehienetan Manhattanen egoten zen, baina bost urte Bronxen eman zituen. «Bonba atomikoa eroria zela ematen zuen», Garatek «Jakin» aldizkariko elkarrizketan azaldu zuenez, etxe guztiak eta ingurua deseginda zeudelako. Izatez leku arriskutsu hartan ere maitatua izan zen: «Drogazaleek eta prostitutek bihotzez agurtzen ninduten». Erietxean egoera larrian zeuden gaixoengana joateko eskatzen zioten askotan, eta gehienetan uko egiten zion Polizia auto batean sartuta leku batetik bestera joateari, oinez ibiltzea zuen nahiago. Horrez gain, New Yorken pasatzen zituen hilabeteetan, Conuselling Center-ean lan egiten zuen, Jesulagunen kontseilari gisa eta Ford- ham Unibertsitatean ere aritzen zen. Bertako egonaldien ondotik idatzi zituen «New York, New York» eta «New Yorkeko kronika beltza» lanak.
Durangoko azokak Argizaio- la sariarekin omendu zuen 2005ean euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko.