Literaturako Nobel Saria Le Cleziorentzat, behar baino gogoeta gutxiago Akademiaz
Atzo Literaturako Nobel Sariaren txanda izan zen. Eta saritua gutxien espero zirenetakoa da, Jean-Marie Gustave Le Clezio idazle frantsesa, hain zuzen. Suediako Akademiaren arabera, hausturaren eta abentura poetikoaren idazlea.
Ez dira ohikoak Nobel Sarien gaineko gogoetak, are gutxiago azken urteotan. Prestigio handiko saria da, eta zientzialari eta idazle askorentzat beren karreraren gailurra izan liteke. Hala ere, hainbatek haren politizazioa salatu izan dute, eta badirudi Berlingo harresia erori baino lehen nazioarteko harremanen arabera saritzeko erabakien zama politikoa nabarmen samarra izan zela. Besteak beste, saritutako idazle eta filosofo bat, Jean Paul Sartre, uste horretakoa zen, eta Literaturako Sariari uko egin zion. Nazioarteko harreman horiek zenbat eta nahasiago, sariak orduan eta politizatuago. Literatur lanaren balioa ez du ideologiak edo joera politikoak erabakitzen. Ez luke erabaki behar. Batzuetan, ordea, obran ideologia zantzurik txikiena ere agertzea arbuiatzen omen dutenek ideologia batez -sistemaz kanpokoaz- ari direla erakusten tematzen dira. Le Cleziori eta gainerako sarituei inolako merezimendurik kendu gabe, jakina.