Juan Luis Mugertza Berango
Gotzon jatorra
Herenegun goizean zure berri izan nuen, Gotzon. Non eta eskolako liburutegian. Jakin banekien, egunkarietan irakurrita, zer edo zer bazenuela, baina hori baino ez. Horregatik, bat-bateko danbatekoak ustekabean harrapatu ninduen eta, egia esaten badizut, atzamarrak baino bihotzaren zati handia utzi nuen atearen zirrikituan, eta negar egin nuen.
Zoriona ere negar egitea omen da, baina begi bakar batekin, eta nik begi biak erabili nituen malkoak askatzeko.
Negarrez nengoela, zeuk aspaldian unibertsitatean esandako bitxikeria etorri zitzaidan gogora. «Badakizue zergatik emakumezkoek gizonezkoek baino urte gehiago hartzen dituzten?». Inozo halakook! Hantxe aritu ginen, ahoa zabaldu aurretik, zientzia liburuek egindako ekarpenak hausnartzen, erantzun txukuna emate aldera. Baina ez, zientziatik harago joaten zinen sarri askotan eta gu umeen antzera lelotuta gelditzen ginen. «Negar eta abestu gehiago egiten dutelako».
Gero, eguerdian, telebista piztu egin nuen zure gaineko informazioa izateko. Ez dakit zergatik, baina zu protagonista izatea espero nuen; baina ez, zu baino lehenago bestelako berriak entzun behar izan nituen Euskal Telebistan, krisia dela, ekonomia dela... Badakizu, literaturak ez du dirurik ematen herri honetan, baina tira!, ez gara horretaz arituko: horrelakoetan denbora galdu eta berotu baino ez baikara egiten. Hori bai, betiko moduan ikusi zintudan liburu potolotan igerian. Ez dakit nola ez zaren itotzen.
Zer moduz leku berrian? Nola konpondu zara zure jakintza horren urrutiraino eramateko? Ziur nago buruaren disketean eraman duzula oraingo paraje berriak ez kutsatzeko. Hain zara ekologista...! Egunkari, telebista eta irratietan zure izena eta izana bolo-bolo zabaldu badute ere, inork ez du esan non zauden.
Baina horrek ez du axola, edozein lekutan zaudela ere, nik Bernart Etxepare, Txomin Agirre, Pedro Miguel de Urruzuno, Jose Antonio Loidi eta enparauekin ikusi zaitut literaturaren gainean berriketan; eta, nola ez, baserritarrekin aspaldiko esaera zaharrak ikasten eta zure koadernoan apuntatzen. «Nola erran duzu, amona?». Nola zuen izena Zuberoakoak? Eta Zeberioko aitonak? Zenbat izen, zenbat leku, zenbat ordu euskararen alde, Gotzon. Gaur egungo auto eder horiek noranahikoa dute izena, ezta? Bada, zu horrelakoa izan zara eta zara, ze... Gauzatxo bat, ahaztu aurretik: oraindik ez dakit zure helbidea eta ez dakit nora bidali eskutitz hau. Dena den, ez dut uste kezkatzeko arazoa dagoenik, zeren eta laster antzarrak, kurriloak... pasatuko dira guretik eta beraiek eramango dizute. Ondo segi, eta zertxobait idazten baduzu, bidali, gustura irakurriko dugu eta.