GARA > Idatzia > > Kultura

Mamuek atea jotzen dutenean

Mamuek ez omen dute hemendik alde egiten bakea lortu arte eta gauean, gure etxeko atea jotzen dutela diote… Eta halaxe gertatzen zaio Hamlet gazteari. Bere aita, erregea, bere anaiak eraila izan da, eta gau ilunean honen mamua azalduko zaio mendeku gosez. Gauean azaldutako mamuak ordu arte ezkutuan zegoen egia azaltzen dionean mendekuaren bideari ekiten dio gazteak. Errebelazio honek bizitza hankaz gora jarriko dio.

HAMLET: Izan edo ez izan, horra hor gakoa. Zer da hobea izpirituarentzat, patu iraingarriaren kolpe eta geziak jasatea? Edota zorigaitzen ozeanoari aurre egin eta horiek betiko desagerraraztea? Hiltzea... lo egitea, besterik ez. (...) Hona hemen, bukaera desiragarria. Hiltzea... lo egitea. Lo egitea!... Amets egitea akaso! Bai, hori da gakoa...»

Heriotza, loa, zentzua, zentzu eza... Anabasa honetan guztian galtzen da gure gaztea, benetako erotasunean. Eta zurrunbiloaren erdi-erdian, egia non agertuko eta... agertokian. Komiko batzuei bere aitaren erailketa antzezteko eskatuko die.

ERREGEA: Zein da obraren izenburua?

HAMLET: Sagu-zuloa. Nola ulertzen den hori? Irudizko adiera bidez. Drama honek Vienan gertatutako erailketa bat irudikatzen du. Dukeak, Gonzalo du izena, eta bere emazteak, Bautista. Orain ikusiko duzu. Deabruaren katramila da! Baina ez dio axolarik. Zuri, errege jauna, eta guri, arima errugabeak ditugunez, ez digu ezertan eragiten...»

Eta hara, zer jartzen duen Shakespeare handiak, komikoarekin hizketan ari den protagonistaren ahotan.

HAMLET: Ez gainditu naturaren mugak, honen aurka jartzen den guztia arte dramatikoaren kontra jartzen baita. Honen helburu nagusia, bere jatorrian eta baita egun ere, humanitateari, aurrean ispilu bat jartzea baita. Bertuteari bere ezaugarriak, bizioei bere benetako irudia eta adin eta belaunaldi bakoitzari, bere fisionomia eta zigilu esanguratsuena.

Willian Shakespearek XII. mendean idatzitako tragedia honek, benetako erotasuna eta erotasun plantak egitearen bidea erakusten digu, min jasanezinetik hasita, mendekua eta moralaren ustelkeriaren hausnarketa eginez. Historian zehar hainbeste alditan taularatu den klasiko hau, Donostian ikusteko aukera izango dugu gaur eta bihar, Victoria Eugenia antzokian. Borja Ortiz de Gondrak moldatu eta Alejandro Bottok zuzendutako ikuskizunean.

Ezkutatzen bagara ere, mamuek topatzen gaituztela dioen beste lan bat ikusteko aukera izango dugu laster: «Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela». Eta hemen ere, mamuek gure atea joko dute gauean, antzinako zorrak kitatzeko demandan... Baina une hori iritsi arte, egin dezagun lo lasai.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo