«Zein balio ematen diote Illunben 8.000 lagun sartzeari instituzioek?»
GARA | DONOSTIA
Miguel Santos, Bruesa GBC taldeko presidenteak, «instituzio publikoen eta enpresen inplikazioa» eskatu zuen Gipuzkoa Basket saskibaloi taldeak maila gorenean «biziraun bakarrik ez, hazteko eta indartzeko aukera» izan dezan etorkizunean.
Kazetariekin izandako solasaldi batean, Santosek argi utzi zuen «bide bakarra» dagoela talde donostiarrak gero ere hazten jarrai dezan: «Proiektua, inplikazioa eta sentsibilitatea. Guk ez dugu dirua eskatzen, GBC proiektua saltzen dugu, herrialdearentzat diru-iturri dena».
Presidenteak azaldu zuenez, ez dago prest «etengabe zorpetzen jarraituko duen kirol proiektu bat aurrera eramateko, talde honi Akasvayuri gertatu zaiona gerta dakion». Horregatik, instituzioei galdetu zien ea zer-nolako balioa ematen dioten Illunben 8.000 pertsona biltzeari.
Azkenik, ACB Ligatik talde bakarra jaits dadin defendatzeko lanean jarraituko duela adierazi zuen Miguel Santosek.