Barton Films-ek euskarazko filmen aldeko apustua berritu du
Ikasturte berriarekin batera, Barton Films-ek katalogo berria aurkeztu du, eta bertan argi geratzen da banatzaile honek euskaraz egindako edo itzulitako filmen alde apustu egiten duela. «Rh+ Sevillako banpiroa» izango da lehen lana eta hurrengo astean izango dugu aretoetan.
GARA | BILBO
Ez da batere ohikoa zinemako areto nagusietan euskara entzun ahal izatea. Halere, gutxi batzuk izan arren, salbuespenak egon badaude. Horietako bat atzo Barton Films banatzaileak aurkeztu zuen katalogoa da. Haien aburuz, eskaintza zabala da, gustu desberdinak asetzeko eta publiko desberdinei zuzenduta, «umeentzako animaziotik, helduentzako fikziora», esan dute Barton-eko arduradunek. Hala ere, aurkeztutako katalogoan batez ere umeentzat zuzendutako lanak daude.
Ez da luze itxaron beharko filmak euskaraz ikusi ahal izateko, lehen estreinaldia hurrengo astean izango baita. «RH+ Sevillako banpiroa»k irekiko du Bartonen ikasturtea. Lan honetan, Malasangre jauna eta bere familiari etxera bueltatzeko aukera sortuko zaie, konde baten zerbitzuan aritu ondoren. Sevillarako bidean arazoak topatuko dituzte nonbait, New Yorkeraino iritsiko baitira.
Abenduan, horrez gain, euskarazko beste hiru titulu egongo direla iragarri dute. Lehenik eta behin, pertsona maltzur baten hegazkinak Olentzeroren etxean jotzen duenean hasten da «Olentzero eta oparien ordua». Helduko den bigarren lana, hots, «Perez 2, gure sagutxo hori» da; Perez sagutxoa desagertzear dagoela azaltzen dute gurasoek haien etxeetan jartzen dituzten sistema elektronikoak direla-eta. Azkenik, «Winx, erreinu galduaren sekretua» filmean erreinuaren patua neskato baten eskuetan dago.
Hurrengo urteari begira ere beste hainbat film estreinatuko direla esan dute, eta hauetako batzuk oraindik errodatzeko prozesuan daudela. Gainera ez dira denak batera estreinatuko, urtean osoan zehar banatuta egongo dira, urte osoan zehar «euskarazko filmekin gozatzea» posible izan dadin. Egongo diren tituluei dagokienez, «Munduari bira 80 egunean doan» eta «Sukalde Kontuak» izango dira maiatzean, «Axun eta Maite» eta «Zorion perfektua», urrian; eta Gabonetan «Niko eta izarretarako bidea»-ren txanda iritsiko da.
Aurten, ostera, Barton Films-en lana ez da filmetara mugatu eta, horrez gain, euskararen inguruko hiru ekitaldi garrantzitsu aurkeztu dituzte. Lehenik, banatzaile honen web orrian DVDen salmenta zuzena jarriko dute abian. Horrez gain, abenduaren 3an euskararen ospakizuna egongo da, eta Barton Films-eko arduradunek adierazi dutenez, jai horretarako ekintza desberdinak antolatuko dituzte. Azkenik, hutsik egin ezin den hitzordua aipatu dute: Durangoko Azoka.