GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-zulatzea Euskal Herriko finala

Burdin Gazteak-ek txapela bere sorlekura eraman du

Ortuellako taldea izan zen onena. Lan bikaina egin zuten, eta ordu erdian 18 zulotatik pasatzea lortu zuten. Jaizubia izan zen bigarren. 17 zulo pasa zituen, baina ezin izan zituen bizkaitarrak harrapatu.

p037_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Burdin Gazteak taldeak eraman zuen atzo Basaurin Euskal Herriko Harri-zulatzaileen Txapelketa. Ortuellako taldeak marka handia egin zuen, eta mendean hartu zuen Jaizubia, irabazteko faborito nagusia zena.

Sekulako jendetza batu zen San Fausto plazan final hau zuzenean ikusteko asmoz, eta berriro ere agerian geratu zen jendeak oso gustuko dituela herri-kirolak. Sei talde aritu ziren lanean, Euskal Herriko Ligako sei onenak, eta bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako. Talde bakoitzak hiru zulatzaile izan zituen.

Jaizubia zen irabazteko faboritoa, baina atzokoan ezin izan zuten txapelik jantzi. Lan ona egin zuten, baina Burdin Gazteak taldeak hobea egin zuen. Talde honek ez zuen atzokoan aurtengo lehen proba irabazi, Euskal Herriko Ligan ere irabazi baitzituen bat baino gehiago, baina hurrengoan nahiko atzean ere geratu zen.

Atzokoan borroka ederra izan zuen Jaizubiarekin. Hondarribikoa izan da aurtengoan talderik erregularrena. Jokatu diren lau lehiaketatik bitan garaile atera da, eta beste bitan bigarren. Atzo ezin izan zuten txapelik jantzi.

Borroka ikusgarria

Borroka ikusgarria eskaini zuten bi talde hauek. Bukaerara arte aurretik zein doan jakitea ez da erraza izaten, talde bakoitzak teknika ezberdina izaten baitu. Batzuek zuloa hasi eta amaitu arte jarraitzen dute, eta beste batzuek, berriz, hainbat zulo egiten hasten dira, guztiak azken unean amaitzeko. Hala ere, garbi zegoen biren artean egongo zela txapela eta horrelaxe izan zen. Lanerako denbora amaitu zenean ikusi zen garaipena Ortuellara joango zela, eta gipuzkoarrek bigarren amaituko zutela. Gainerako taldeak nahiko atzera geratu baitziren.

Lehen bi sailkatuek marka bikaina egin zuten. 18 zulotik pasatzea handia da, eta atzokoan horixe egin zuen Ortuellako taldeak. Hondarribikoak ere marka horretara gerturatu ziren, behin baino gehiagotan nahikoa izaten da irabazteko, baina atzokoan bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Trapagaran izan zen hirugarren.

Atzokoarekin amaitu dira aurtengo lehiaketa ofizialak, eta hemendik aurrera erakustaldi batzuk egin eta atseden hartzeko tenorea izango dute zulatzaileek. Amaieran beti balantzea egin behar izaten da.

Aurtengoan lau txapelketa jokatu dira. Bi taldeka, Euskal Herriko Liga eta Euskal Herriko Txapelketa. Lehenengoa Jaizubiak irabazi du, eta bigarrena, berriz, Burdin Gazteak-ek. Gero binakakoa eta bakarkakoa ere jokatu dira. Binakakoa Aldai Aldek bereganatu zuen, eta Bakarkakoa, berriz, Jaizubia taldeko Isuzkizak irabazi zuen.

Txapelketako saiorik gehienak Bizkaian izan dira, baina aurten zabaldu dira beste leku batzuetara, Gipuzkoan eta Nafarroan ere izan baitira hainbat saio. Binakako finala, esaterako, Urnietan jokatu zen, eta hori ez da seinale txarra.

Emakumezkoen taldeak ere lanean hasteko prestatzen ari dira

Emakumezkoak ere heldu diote harri-zulatzeari eta heldu den denboraldian lehiaketa bat egiteko moduan izan daitezke.

Dagoeneko talde bat osatuta dago, eta bigarrena ere ia osatu dute, nahiz eta oraindik ez dagoen erabat itxita. Baina hori ez da guztia, izan ere, hirugarren talde bat egiteko bidean ere badira, eta aukera asko daude hori ere sortzeko .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo