GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

MENDI LASTERKETAK Zirkuitu ofizialak

Euskal korrikalariak bikain egutegi ofizialean

Zuhaitz Ezpeletak garaipena erdietsi du Espainiako Kopan eta Oihana Azkorbebeitia hirugarrena izan da. Euskal Herriko Kopan, berriz, Fernando Etxegarai eta Nerea Amilibia izan dira irabazle.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Dagoeneko amaitu da EMFk, FEDMEk zein FSAk (orain International Skyrunning Federation izena du) antolatutako mendi lasterketen egutegia. Eta, oro har, euskal korrikalariek eginiko lana oso ona izan dela baiezta genezake. Hiru zirkuitu horietatik FEDMEkoarekin hasiko dugu; izan ere, euskal selekzioko ordezkariek maila bikaina eman dute.

Inolako zalantzarik gabe, benetako izarra Zuhaitz Ezpeleta izan da. Arrasatearrak oso jardun onak egin ditu, eta, horiei esker, Espainiako Kopan garaile atera da eta Espainiako Txapelketan zilarra sinatu du. Espainiako zirkuitu ofizialerako ondo baino hobeto prestatu zen, eta korritu dituen bost lasterketetan maila handia eman du: «Oso urte gogorra izan da niretzat, besteak beste, apirilean nire lehen lasterketa egin bainuen eta azkena joan den irailean. Oso sasoiko nengoen, eta neure helburu nagusiak Espainiako Kopa zein Txapelketa ziren».

Espainiako Kopari dagokionez, lehen probara nahiko pattal iritsi zen, gripeak jota baitzegoen. Hala ere, parte hartu eta 16. sailkatu zen: «Kopako 4 probetatik hiru bukatu behar nituen sailkapenean puntuak lortu ahal izateko. Nahiz eta gaixo egon, lehia ez zitzaidan gaizki atera». Bigarrena maiatzean jokatu zuen. Indartsu eta gogotsu zegoen. Gustukoa zuen lasterketa: goranzko desnibel handia baitzuen. Ibilbidearen azken jaitsieran erritmo handia jarri eta irabazi zuen.

Ondoren, ekainean, gogorra baino gogorragoa den Espainiako Txapelketa jokatu zuen: «Bero handia egin zuen, eta ia korrikalari guztiok leher eginda bukatu genuen. Aurtengo hitzordu guztietatik, inolako zalantzarik gabe, gogorrena izan da. Zorionez, bigarren bukatu nuen». Hurrengo hilabetean, Navacerradan, Kopako hirugarren proba zuen. Beldur zegoen, goranzko desnibel handiko eta beheranzko gutxiko lasterketa baitzen. Haatik, jardun ona egin eta irabazi zuen. Eta azken lehian, irailean Asturiasen jokatutakoan, aurreko jardun guztiak biribildu eta beste garaipen bat eskuratu zuen. Gauzak horrela, lortutako hiru garaipenei esker, Ezpeletak aurtengo Espainiako Kopa irabazi du: «Kopa honetan parte hartzen nuen lehen aldia zen, eta den-dena ondo atera da. Pozarren nago».

Zirkuitu honetan beste euskal ordezkari batzuk ere izan dira, eta horietariko batzuek oso emaitza onak izan dituzte. Lehen hamarren artean, adibidez, Josu Bengoetxea (laugarren), Jabi Olabarria (zortzigarren) eta Jesus Mari Romon (hamargarren) sailkatu dira. Nesketan, berriz, Oihana Azkorbebetiak iazko laugarren postua hobetu eta sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu du; bigarren hitzordua irabazi zuen.

Amilibia eta Etxegarai nagusi

Euskal Herriko Kopak, bestalde, beste lau proba izan ditu: Izarraitz (Azpeitia), Artzainen Lasterkaldia (Baigorri), Aramotz (Zornotza) eta Olatzagutia-Urbasa (Olatzagutia). Lasterkari guztien artean bi izen nabarmendu behar ditugu: Nerea Amilibia eta Fernando Etxegarai. Biak ala biak, irabazteaz gain, aise nagusitu dira.

Neska nagusien mailari dagokionez, aipatzekoa da oso emakume gutxi lehiau direla; 11 sailkatu dira eta soilik 5ek egin dute benetako lehia. Amilibiaren nagusitasuna erabatekoa izan da; izan ere, lau proba irabazi ditu. Bigarren Ainhoa Jauregi sailkatua da eta Iratxe Etxebarria hirugarren. Neska beteranoetan, Irene Sarrionaindiak eraman du txapela.

Mutil nagusien maila, aldiz, askoz ere lehiakorragoa izan da. Alabaina, protagonista nagusia Etxegarai izan da. Lehen hiru probetan gailendu zen eta azkenekoan laugarren sailkatu zen. Bigarren postua Zigor Iturrietarentzat izan da. Bizkaitarrak postu onena Zornotzan eskuratu zuen, hirugarrena, eta, oro har, euskal zirkuitu ofizialean lortutako erregulartasunari esker, zilarra berea da. Hirugarrena Pedro Etxeberria izan da. Ander Unzurrunzagak, berriz, beterano indartsuena dela erakutsi du.

Eta amaitzeko, euskal ordezkariek Munduko Kopan edo World Series zirkuituan eginiko lana aipatu behar dugu. Beste edizio batzuetan ez bezala, euskal selekzioak ez du emaitza aipagarririk erdietsi. Soilik Joxe Felipe Larrazabalek eginiko lana goraipatu beharko genuke, korrikalariak sailkapen nagusiko hamargarren postua eskuratu baitu. Horretaz gain, taldekako sailkapenean, euskal selekzioak bosgarren amaitu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo