GARA > Idatzia > > Kultura

Hitzak eta argazkiak Gernikan, arma nuklearren korapiloa askatzen

Garapenaren izenean hondamendia ekarri du zientzia nuklearrak; energiaren sortzaileei ere kontra bihurtu zaien zientziak, hain zuzen ere. Gernikako Bakearen Museoak dilema nuklearraren korapiloa askatzen laguntzeko erakusketa jasotzen du; inor iritzirik gabe utziko ez duen erakusketa. Teknologiaren lehen pausoak edota istripuek eta armek utzitako ondorio gogorrak daude ikusgai; argazkilariek euren begiradapean islatu nahi izan dituzten irudiak.

p048_f01_199x228.jpg

Odeia AIESTARAN | GERNIKA

Ez da egongo nuklear hitza entzun eta energiarekin edo defentsarekin lotzen ez duenik. Aldekoak eta aurkariak eten- gabeko borrokan izaten dira. Zientzia nuklearrak gizadiaren historian izan duen garrantzia azpimarratzekoa bada ere, garapenaren eta defentsaren izenean hartu diren arriskuak ere ugariak izan dira, eta, ondorio lazgarriak utzi dituztenak, gainera.

Ingurumenean tamaina handiko kraterrak, hildakoen objektu suntsituak, bizirik irtendakoen gaixotasunak, gorputz mutilatuak, kutsadura... Arma nuklearrak eragindako ondorio batzuk dira; gaur egun ikus daitezkeen ondorioak. Hildakoak eta horien ingurukoen samina gutxi balitz, oraindik ere, bai Hiroshiman, bai Nagasakin eta bai Txernobilen ere pairatzen duten egoera, lehen begiratuan hala ematen ez badu ere, osatu gabeko egoera da.

Argazkilariek beren esperientziaz baliaturik, sentimenduz betetako irudiak ekarri dituzte Gernikako Bakearen Museora urtarrilaren 25era arte iraungo duen «In-Security. El Dilema Nuclear» erakusketan. Sentimenduz betetakoak esan dugu, izan ere, irudi bakoitzaren alboan argazkilari bakoitzak idatzitako testua aurkituko baitu bertaratutakoak; beraien sentsazioak helarazten dituzten idatziak. Ashey Woods erakusketaren arduradunak nabarmendu duenez, ikusleak ez du «irudi sentsazionalistarik» aurkituko; «hausnarketara eta ulermenera» bultzatuko duten irudiak baizik.

Zuzeneko begirada

Erakusketaren hasieran, ikusleak J. Robert Oppenheimer Manhattan proiektua zuzendu zuenaren irudiarekin egingo du topo. 1942an lehen arma nuklearra sortzeko proiektua izan zen hori. Zergatik, baina, horren beharra? Alemania nazia II. Mundu Gerran antzeko proiektu bat lantzen ari zitekeen beldurragatik. Hau da, defentsa zen asmo nagusia. Ondorioz, 1945. urtean hiru lehergailu nuklear lehertu ahal izan ziren: plutoniozko bonba bat Mexiko Berria estatuan; Little Boy izeneko uranioz aberastutako bonba Hiroshimaren gainean eta Fat Man plutoniozko bigarren bat Nagasaki hiriaren gainean.

Bi herrialde horiek dira, hain zuzen ere, erakusketaren ardatzak; munduaren iluntasuna agerian geratu da urteen poderioz. «Gertakari hori teknologia gizakiaren aurka jartzearen sinboloa da, gure planeta ederra heriotzaz eta sarraskiz betetako tokia bihurtuz»; Hiromi Tsuchidaren hitzak dira. Berak ere ekarpen xumea egin nahi izan du Hiroshima gogoratuz. Argazkilariaren begiradapean hildakoen objektuak: maletak, prismatikoak, botilak... denak itxuraldaturik ipini ditu; bertan topatuta bezalaxe.

Bonbardaketa horiei erreferentzia egiten die Mumutsi Tsudak ere. Berak, ordea, saminaren eta justifikazioaren aldetik jo du. Esperientziaz hitz egiten du argazkilariak; alde batean egon edo bestean, gauzak txuri edo beltz ikustea bezalakoa dela ohartaraziz. Samina, bonbak eragindako sarraskiagatik sentitu zuela aipatzen du, Japonian bizi zen giroagatik. Amerikan, gerraren bukaeraren sinbolotzat hartu zuten bonba, eta horrek mina justifikatzen zuen. Argazkilariaren irudia, ondorioz, «sentimendu negatibo eta positiboen arteko nahasketa» dela baieztatu du.

Defentsa aitzakian txikitutako bi lurraldeen irudiak ditugu, oraindik osatu ez diren lurraldeenak. Txernobilen aldiz, istripuak eragin zuen historiako hondamendirik larriena eta momentu ahaztezina izan zen bezala, argazkilariek ere irudi ahaztezinak ekarri dituzte Euskal Herrira. Ricky Davilak, adibidez, haurren istorioa azaleratu du; duten gaixotasuna sendatu asmoz Kubara eramandako haurrena.

Umeak dira baita ere Gerd Ludwig argazkilariaren kamerek hautatutako irudien protagonista. Inpaktu handikoak, animaliek eta txikienek pairatutako ondorioak erakusten ditu; elbarri geratu diren umeek jasandakoa. Eguneroko bizimoduari oraindik ere estu lotuta agertzen da, beraz, hondamendia; fisikoki eta psikikoki konpon ezin daitezkeen arrastoak utziz. Inguruak, gainera, ez du horretarako aukerarik utzi. Peter Goinek AEBetako erreserba nuklear bateko irudien atzean dagoen iluntasuna islatu nahi izan du. Erreserba egun itxita badago ere, kutsadura maila oso altua da, eta egilearen esanetan, luzaroan jarraituko du horrela.

Woodsek dioen bezala, «iragana aztertu eta etorkizunerako agertokiak» azaltzen dituen ibilbidea da dudarik gabe; argazkilariek beren kamerekin eta hitzekin hornitu dutena.

«Ikusleak bere kabuz ikertu dezala»

Ashley Woods, «In-security. El dilema nuclear» erakusketaren arduradunak sortu zuen Real Exhibition Develoment elkarteak antolatu du erakusketa. Bere hitzetan, «sekulako» argazkiak ikusten zituen nonahi baina inoiz ez zeuden jendaurrean. Horrela, heziketa kritiko baterako hainbat erakusketa sortzen hasi ziren, jendeari Internet bidez eskura jarriz beren iritzi propioa garatzeko erakusketak. Woodsek azpimarratu duenez, ikusleak egin dezakeen eta egin beharko lukeen hausnarketa da erakusketaren ardatzik garrantzitsuena eta gaur egungoa «belaunaldi bisuala» denez, horrelako irudien bidez jakin dezakegu zer gertatu zen; errealitatea ezagutzeko modu egokia da. Azaldu duenez, irudi horiek gaur egungo errealitatea azaleratzeko balio dezakete; Ekialde Hurbilean edota Iraken gertatzen ari dena epaitzeko lagungarri izan daitezke. Gainera, ikuspuntu ezberdinak emanez, ikusleak «egia izatetik hurbilen dagoena» iker dezake. Real Exhibition Develoment elkartearen filosofia «ikusleak arazoa bere kontura eta bere kabuz ikertzea» dela ere gaineratu du. Bere esanetan, «neurriak hartzeko eta zerbait ikasteko bide bakarra» horixe delako.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo