GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Atzerritarrek prestatutako jakiak «Gure saltsan» saioaren ardatz

Euskal Herrian bizi diren atzerritarrak dira Erlo telebistaren saioko protagonista. Besteak beste, Mexiko, Argentina, Maroko eta Ekuadorretik etorritako gonbidatuek beren herrialdeko plater bat prestatzeaz gain, hango kontuez eta euskararekin duten harremanaz aritzen dira.

Odeia AIESTARAN | ZARAUTZ

«Gure saltsan» sukaldeko telebista saio bat da. Lehen begiratuan ez du inongo berezitasunik, hamaika horrelako baititugu egunero-egunero telebistan. Erlo telebistaren saio berrian, ordea, atzerritarrak dira protagonista; Euskal Herrian bizi eta euskaraz ederto mintzatzen diren atzerritarrak.

Gonbidatuak Euskal Herrian bizi dira, baina Maroko, Mexiko, Ekuador, Argentina edota Errumania dute jaioterri. Gizonek zein emakumeek, plater erraz eta zailak prestatu dituzte.

Iban Bengoetxea, saioaren aurkezleak azaldu duenez, gonbidatu bakoitzak bere herrialdeko plater bat egiten du: Seco de chivo, cous-cous, pascualin, burrito guacamolearekin... Ahoa urtzeko modukoak dira denak ere. Bere hitzetan, gastronomiari begira esperientzia «aberasgarria» da. Gure mugetatik kanpo aho-gozagarri diren jakiak ezagutzeko parada da.

Hala ere, Bengoetxeak saioaren beste alde bat ere azpimarratu nahi izan du: maila pertsonalean uzten duen arrastoa. Izan ere, gonbidatuek beren errealitatea, beren bizitzaren nondik norakoak azaltzen dituzte; erraztasunak eta zailtasunak, Euskal Herriarekiko harremana... Bengoetxeak esan duenez, «denek dute zerbait esateko: nola etorri diren, zergatik heldu diren Euskal Herrira...». Interesgarritzat jo du beraiekin hitz egitea. Saioan hainbat gaiz hitz egin dute sukaldariek. Besteak beste, «Rami» tuareg-aren bizitza, Tijuana zein arriskutsua den, Ekuadorreko negutik hemengora aldatzeak dakarzkien lanak eta abar izan dituzte mintzagai.

Saioaren helburua jendeak pertsona horien errealitatea ezagutzea ere badela gaineratu du Bengoetxeak, eta plater horiek egitera animatzeaz gain, gonbidatuen lekukotasunak aintzat hartzea garrantzitsua dela gaineratu du.

Urriaren 2an hasi zen saioa eta ostegun gauetan emititzen dute. Euskarazko tokiko-telebista guztietan ere banatu dira saioak, beraz, horietan ere ikusi ahal izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo