KRONIKA Lanbide zaharren erakusketa
Lehena ezagutu, oraina beste begi batzuekin begiratzeko
Informatikariak, web orrien diseinatzaileak... Urteen joanean behar eta lanbide berriak sortu dira, eta urteetan bizirauten lagundu zutenak, aldiz, galbidean dira. Ataunen haietako asko gogora ekarri eta omendu zituzten atzo, alboratu akaso bai, baina ahaztu ez daitezen.
Maider EIZMENDI
Inguru honetan egiten diren jai eta azoka gehienetan afiziorik estimatuenetarikoa da txistorraz edota hirugiharrez lagundutako taloa jatea. Atzokoan ere postuari zerion usain sarkorrak makina bat lagun animatu zituen mokadutxo hori jatera. «Egun kapritxoz jaten da, nik ere bai, baina garai batean ogirik ez zen, eta halabeharrez jaten genuen taloa», ekarri zuen gogora Felix Eskisabel ataundarrak artoa aletzen zuen bitartean. Txiki-txikitatik ikasi du lan hau, eta urte luzeetan egin du gainera. Urria aldera jasotzen zuten maiatzean aldatutako artoa eta negu aldean aletzen zuten sutondoan. «Ilunabarrean etxera erretiratu eta arrosarioa errezatzen genuen bitartean aritzen ginen», azaldu zuen. Orain ez artorik, ez arrosariorik.
Metro gutxira zeuden Pedro Arruabarrena eta Karmele Aduriz, zaldibiarrak, artzaintzan erabili izan diren lanabes ugari alboan zituztela. Arruabarrena bederatzi urterekin hasi zen artzain. Atzo inguratzen zirenei artilearekin haria nola egiten den irakasten aritu zen; emaztea, berriz, ehungailuaz hariarekin jantziak egiten. Soinean, berriz, biak etxeko lihoaz egindako alkandora txukunak zituzten.
Arruabarrenak adierazi zuenez, aldaketa handiak gertatu dira artzaintzaren munduan: «lehena eta oraina» ezagutzeko aukera izan du, eta «bata ezin da ulertu bestea gabe». Horregatik tematu da bikote hau antzinako tresneria biltzen, eta etxean makina bat lanabes dituzte gordeta, «nahi duenak bertara etorri eta ezagutu ditzan». «Hauen bitartez, gure arbasoen bizimoduaren zein gogorra zen irudikatu nahi dugu, artzainena eta baita etxean geratu eta baliabide gutxirekin familia ugariak hazi zituzten emakumeenak».
Etxekoei ez zaizkie artilezko galtzerdiak falta. Ezin esan egun modan daudenik, baina Adurizek ohartarazi duenez, alboan pare bat izatea beti da ona: «Artile honek koipea du eta odol-zirkulazioa hobetzeko primerakoak dira».
Soroko lanean izandako aldaketari ere erreparatu nahi izan zioten: laiarekin aspaldian, goldea eta abereekin ondoren, eta traktoreak azkenik. Auzolana indarra galtzen eta harekin batera elkargunerako parada zen usadio hura desagertzen joan zen.
Etxeko txikienek ere alde batera utzi zituzten atzo bideo-jokoak, eta txibak, txapak, kanikak eta bestelakoekin jolastea ere entretenigarria eta dibertigarria dela frogatzeko aukera izan zuten.
Herriak atzera egin zuen, gaur berriz ere aurrera egiteko, egungo lanabes askok duten oinarria ezagutzeko... eta baita mozorrotzeko ere, aspaldian modan zeuden arropak soinean janzteko. Eguraldia ere aproposkoa, «egungo gonek ez dute ez horrelako buelorik», zioen emakume batek gona eutsi ezinik zebilela.