Emakumezkoak
Reala ez da trebe aritu ate aurrean, eta aurkariek ez dituzte aukerak alferrik galdu
SPORTING 3
REAL SOCIEDAD 0
J.L. | DONOSTIA
Realeko neskak esku hutsik itzuli ziren atzo Huelvatik. Halere, partida ez zen izan emaitzari begiratuta askok pentsa dezaketen bezalakoa, izan ere, gipuzkoarrek aukera asko izan zituzten.
Garmendiaren neskek gol aukera anitz sortu zituzten, baina andaluziarren ate aurrean ez ziren behar bezain trebe ibili. Etxekoek, berriz, izandako hiru aukerak aprobetxatu eta baloia ate barrura sartzea lortu zuten.
Partidako gakoetako bat bosgarren minutuan heldu zen. Paredesek gola sartu zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen, jokoz kanpo zegoela argudiatuta. Horrek donostiarren haserrea piztu zuen.
Hortik aurrera ere aukerak sortzen saiatu ziren zuri-urdinak, baina ez zuten asmatu. Bigarren zatian ere gauzak berdintsu joan ziren, baina orduan Sandrita agertu zen. Huelvako jokalariak hiru gol egin zituen, eta beste horrenbeste puntu eman zizkion etxeko taldeari. Realak, datorren igande eguerdian Valentziako Colegio Aleman taldea hartuko du.