GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

BARTZELONA

Athleticek ez zuen horrelako zigorrik merezi

ESPANYOL 3

ATHLETIC 0

GARA | BARTZELONA

Athleticek garrantzi handiko partida zuen atzo Bartzelonan Liga irabazteko beste hautagai bat baitzuen aurrez aurre, aurkari zuzena, alegia. Bizkaitarrek esku hutsik itzuli behar izan zuten ordea.

Partida arraro samarra izan zen. Etxekoak hobeak izan ziren, baina euskaldunek ere izan zuten aukera bat baino gehiago eta, gainera, bederatzi jokalarirekin amaitu zuten neurketa.

Espanyol oso indartsu zelairatu zen, eta berehala heldu zen lehendabiziko gola, zortzigarren minutuan Adrianari esker aurretik jarri baitzen etxeko taldea. Bartzelonakoek aurrelari bikaina dute, aukerarik huts egiten ez duen horietakoa da. Atzo lehenengoan sartu zuen baloia ate barrura.

Gol horrek apur bat astindu zituen zuri-gorriak, baina berehala suspertu ziren, eta zelai erdian agindu nahian hasi ziren. Horixe zuten helburu etxekoek ere, eta atsedenera arte neurketa estua izan zen. Argi geratu zen, joko ona duten bi talde ari zirela aurrez aurre.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren tankerakoa izan zen. Etxekoak indartsu zelairatu ziren, eta azkar egin zuten gola. Lehen zatian, bezalaxe, bigarrenean ere, zortzigarren minutuan heldu zen; oraingoan Vanesak berak bere atean sartu zuen. Gol honen ostean, bizkaitarrak aurrera egin nahi izan zuten. Ez zuten galtzeko ezer, baina ahaleginean dena okertu egin zen.

Hasteko, Tzibik bigarren txartel horia ikusi zuen, eta handik bi minutura Oruetak. Hala, bigarren zatiaren erdian Bilbokoak bederatzi lagunekin geratu ziren.

Hortxe amaitu zen partida bizkaitarrentzat, ezinezkoa baitzen bi jokalari gutxiago izanda ezer egitea. Hortik aurrera, partidaren kontrola etxeko taldeak izan zuen, baina golak sartzea kosta egin zitzaion. Bakarra egin zuen, gainera; partida amaitzeko lau minutu falta zirenean heldu zen Martaren jaurtiketa bati esker.

Hortik aurrera bi taldeak, partida amaitu zain, ez zuten jokorik egin. Espanyolek partida irabazita zeukan, eta Athleticek bere atean beste golik ez izatea besterik ez zuen nahi.

Beraz, puntuak etxean geratu ziren. Emaitza ez da ona, berdinketaren kasuan, bizkaitarrek alde hori gehitu beharko luketelako. Alta, emandako itxura ez zen txarra izan, eta agian merezi baino zigor handiagoa jaso zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo