Ion Telleria eta Ainara Bakedano Gazte independentistak
Euskal Herria: askatasunean biziko den hurrengo herria
«España una grande y libre!», espainiarrak urteetan zehar sentimendu eta itxura hau eman nahian dabiltza, kolokan duten estatu eredua estaltzeko asmoz, baina historiaren ibilbidea jarraitzen badugu, euren inperio handia estatu artifizial batean baino ez da bilakatu, «una grande» izatetik «una pequeña y en crisis» izatera pasa baita
Igande hau «hispanitatearen arraza» goratzeko eguna da, Guardia Zibilaren egun handia. Bakea eta demokraziaren izenean Madrilgo kale guztiak tankez, militarrez, hegazkinen ikuskizunez... okupatuko dituzte.
Historian egon den genozidiorik basatiena ospatzen dute espainiarrek egun honetan, guztiek euren seme-alabak lepoan hartu eta hiltzaile, torturatzailerik odoltsuenak direnei txalo zaparrada eta «vivas a la guardia civil» oihukatzera irtengo dira kalera dotore-dotore jantzita.
Jada mendeak pasa dira Amerikan sartu eta armen bidez bertako herritarren aurka eraso egin zutela. Ameriketan egin den odoluste handiena egin zuten espainiarrek. Euren kultura, identitate, balore... guztiak zapaldu, milaka eta milaka herritar erail eta indarrez espainiar kultura, erlijio kristaua... inposatu zitzaien.
Egun hau, herri indigenak ez du ez ahazten, ezta barkatzen ere. Euren historian egin den basakeriarik handienaren aurka altxatzen dira egun honetan, zapalduak garen herri guztiekin batera! Baina altxamendu hauek estali beharra dituzte, euren basakeria guztia estali beharra dute, historia manipulatzen dute!
«España una grande y libre!», espainiarrak urteetan sentimendu eta itxura hau eman nahian dabiltza, kolokan duten estatu eredua estaltzeko asmoz, baina historiaren ibilbidea jarraitzen badugu, euren inperio handia estatu artifizial bat baino ez da bilakatu, «una grande» izatetik «una pequeña y en crisis» izatera pasa baita. Inperio espainolaren atzaparretatik askatzen azken herriak Kuba eta Filipinak izan ziren.
Horiek guztiek lortu zuten, eta orain Euskal Herriaren txanda da. Gazteok! Gu izango gara herri hau genozida hauen atzaparretatik askatuko dugun belaunaldia. Badakigu Estatu espainola armez osaturiko herria dela, horixe bera da urriaren 12an aditzera eman nahi dutena.
Beraien mezua argia da: estatua zalantzan jartzen duena armaz erasotua izango da. Eta hori aski ondo frogatu dugu. Azken aste hauetan Nafarroan gertatutakoari begiratu baino ez dugu. Inpunitate osoz euskal gazteak bahitu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu dituzte.
Hauxe da Euskal Herriak eta bereziki euskal gazteriak bizi duen errealitate gogorra. Gainera, ezin dugu ahaztu historian zehar espainolekin eskuz esku Euskal Herriaren aurka jo eta su dabilen PNV. Oraingoan ere herritarrak mareatzen dabil bere kontsulta gora eta behera. Baina herri hau saldu zuenak berriz diruaren epelean egoteko asmoa baino ez du, berriz ere Euskal Herria saltzeko planak ditu esku artean.
Argi dugu, baina borrokak merezi duela, herriaren indarrak min egiten die, eta horregatik berriz kolpatuko gaituzte. Baina guk borrokari eutsiko diogu, tinko gainera! Euskal Herria baita askatasunean biziko den hurrengo herria.
Bide honetan, urriaren 25ean gazte independentistok hitzordu garrantzitsua dugu Hernanin. Argi esango dugu bertan ez dugula onartuko gure herria zatitu eta zapalduko duen proiekturik. Argi utziko dugu Euskal Herria ez dagoela salgai. Independentzia eta Sozialismoa lortu arte borrokan jarraituko dugu!