Hautsak harrotu ditu emakumeen presentzia bermatze aldera hartutako neurriak
1980. urteko San Sebastian Egunean irten zen gizonez zein emakumeez osatutako lehenengo danborrada konpainia. Ordutik, pixkanaka areagotzen joan da emakumearen parte hartzea. Orain, Udalak diruz talde mistoak soilik lagunduko ditu. Izango ote du eraginik 1.200 euroko laguntza kentzeak, emakumeak onartzen ez dituzten elkarteengan?
Janire ARRONDO
Donostia Egunean gizon eta emakumeen parte hartzea berdintasunean gauzatu dadin, Donostiako Udalak danborrada konpainien osaketaren inguruko neurri berri bat iragarri du aste honetan; diru-laguntzak, soilik, konpainia mistoei ematearena, hain zuzen ere. Laguntza horiek eskatzeko epea amaitzear denean, hautsak harrotu ditu erabaki horrek.
Berdintasunaren Legeak dio «botere publikoek ezingo dutela inolako diru-laguntzarik eman sexu arrazoiengatik baztertzaileak diren ekintzetarako», eta hori oinarri hartuta, jarri dute martxan neurri berria. Azaroaren 3 arte egongo da diru-laguntza horiek eskatzeko aukera, eta Udalak jakinarazi du diru-laguntza bikoitza izango dutela konpainia misto berriek, eta baita mistoak izatera pasatzen diren konpainia zaharrek ere, beren estatutuetan emakumeek gizonen mailan arituko direla jasotzen badute.
«Neurri bat bakarrik»
«Zer esan nahi du zehazki diru-laguntzak soilik talde mistoei emateak?», dio Joxepa Bornaetxea Donostiako Bilgune Feministako kideak. Bere hitzetan, danborrada mistoak bultzatzeko ekimen «interesgarria» izan daitekeen arren, «horrek ez du bermatzen danborrada guztietan emakumeek parte hartu ahal izango dutenik».
Neurri hori baino lehen izan zen Donostiako danborradan emakumeen parte hartzea bultzatzeko pausorik. Hain zuzen ere, San Sebastian Egunari hasiera eta amaiera ematen dioten banderaren igoera eta jaitsiera egiten duten Gaztelubide eta Union Artesana elkarteek, eginkizun horretan jarraitzerik izango bazuten, emakumeak hartu behar izan zituzten beren konpainian. Kontua da ordea, «emakumeak soilik danborradarako gonbidatzen dituztela, eta gero egunerokotasunean elkartean sartzea ukatua dutela», dio Bornaetxeak.
Hala ere, Union Artesanako kide batek azaldu duenez, beraiek beren borondatez hartu zituzten emakumeak danborradan. Kidearen esanetan, bere elkartean denetariko iritziak daude, eta gehienbat zahar eta gazteen artean gertatzen dira ezberdintasunak. Hala ere, bere ustez, «zentzugabea da gaur egun oraindik horrelako arazoak egotea emakumeen eta gizonen artean» eta «ulergarria» deritzo Udalak hartutako erabakiari.
Joxepa Bornaetxeak azaldu duenez, duela bi urte, proposamen bat egin zion Bilgune Feministak Udalari: «Banderaren igoeran eta jaitsieran emakumeen parte hartzea mugatzen duten bi danborradek lehentasuna izan beharrean, konpainia guztien artean txandaka egitea». Horrela «emakumeek zein gizonek gozatuko genuke donostiarrona den jaiaz». Bornaetxeak gaineratu duenez, Donostian jaien parekidetasunera bidean izan diren hainbat eta hainbat aldaketa «emakume talde eta feminista askoren urteetako lanaren ondorioz lortutakoak dira».
«Ez dut ulertzen zertara datorren»
Donostian dauden 106 danborrada konpainien artean, 20 gizonezkoenak dira eta bakarra da soilik emakumeez osatua dagoena, Anastasio Femenina hain zuzen. Anastasio elkartearen baitan, badira beste bi danborrada ordea, bata, soilik gizonezkoena eta bestea gazteena. Horrela, «askotan senarra alde batetik, emaztea bestetik eta seme-alabak beste batetik irteten dira», dio Olatz Eceizak, konpainia femeninoko kideetako batek.
Elkarteko Tasin Eceiza lehendakariaren hitzetan, beraiek «ziur asko» orain arte bezala jarraituko dute beren konpainian, alegia, gizonak bakarrik. Izan ere, «batez ere helduenen artean horrelako aldaketen aurkako jarrera nagusitzen da», dio Eceizak. «Belaunaldiek talka egiten dute, denbora eman behar zaio, eta ez horrelako neurriak bat- batean hartu», gaineratu du.
Anastasio elkarteko lehendakariaren alaba da Olatz, eta duela hiru urtetik irteten da Donostiako danborradan emakumeez osatutako konpainiarekin. Berak azaldu zuenez, Placido Eceizak, bere aitonak, sortu zuen 1997an emakumezkoen konpainia, «gizon berritzailea zenez emakumeek parte hartzea nahi zuelako». Oraindik beraiekin zer gertatuko den ez badakite ere, berak ez du ulertzen zertara datorren, diru-laguntzak eskatzeko epea «horren gertu dagoenean», horiek kentzearen kontua. Olatzek argitu duenez, «emakumeak hartzen du dagoeneko parte jai horretan, konpainia batean ez bada bestean, eta neurri berri horrekin eztabaida sortu besterik ez dute egiten». Bestetik, «emakume naizen aldetik, ez naiz diskriminatua sentitzen konpainia batzuetan parte hartzerik ez dudalako, izan ere, beste konpainia batzuetan parte har dezaket».
Anastasio Femenina danborrada soilik emakumez osatua dago, eta ez dakite neurriak beraiei ere eragingo ote dien. Elkarte berean, soilik gizonezkoena den beste bat dago.
Donostiako Udalak hartu berri duen neurria «zoragarria» dela dio Mertxe Trantxe Irungo Alardeko Bidasoa konpainiako kideak. Bere hitzetan, Donostian emakumeek danborradan parte hartzeak ez du zerikusirik Irungo Alardean parte hartzen dutenean sortzen denarekin. Trantxeren arabera, «Irunen ez dute diru-laguntzarik jasotzen gizonezkoen alardekoek, ofizialki behintzat, baina beren alde egiten dute nabarmen», dio Trantxek.
Bestetik, «Donostiako konpainiak ez bezala alardea publikoa zen, baina emakumeei oztopoak jartzeko pribatizatzen ari dira».