GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aste osoa jaietan murgildurik igaroko dute basauriarrek

Larunbatean hartu zuten herriko koadrilek Basauriko jaien gidaritza, eta asteburuko lehen txanpa igaro ostean, beste zazpi egun izango dituzte giro paregabeaz etenik gabe gozatzeko. Egitarau oparoa osatu dute eta adin guztietako jendeak izango du igandera arte antolaturiko ekitaldietan parte hartzeko aukera. Gaur, esaterako, San Fausto eguna ospatuko dute, jaietako egun handiena.

p018_f03_097x180.jpg

GARA |

Jai giroan murgildurik igaroko dituzte basauriarrek datozen zazpi egunak. Larunbatean eman zieten hasiera sanfaustoei, eta lehen asteburua joan da dagoeneko. Aurten jai eredu berri bat abian jarri zuteneko 40. urteurrena ari dira ospatzen, eta hori dela eta, jaien gidaritza herriko koadrilek hartu dute beste behin ere. Basauriko jaietan zurrakapotea da oraindik ere koadrilek irekitzen dituzten lonjetan tradizio eta estimu handiena duen edaria, baina bestelako edariak ere tartea hartzen ari dira.

Hispasat Eguna ospatu zuten atzo basauriarrek, eta bezperako ajea kentzeko herri bazkariak antolatu zituzten. Solobarria plazan, esaterako, Gazteleku fanfarreak girotuta, herriko indaba-jana egin zuten. Era berean, txosnagunean presoen aldeko bazkaria egin zuten, etxetik urrun egotera beharturik dauden herritarrak gogoan izateko.

Kale animazioa ere nabaria izan zen goiz-goizetik. Trikitilariak, Gaztela eta Leongo dultzaineroak eta eskualde osoko txistularien topaketa egin zuten. Euskal dantza, tronpa-joko eta herri-kirol erakustaldiak ere izan ziren.

Umeentzat Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen emanaldia izan zen arratsaldean, eta gauean, berriz, The Smoking Stones taldeak -Mick Jaggeren The Rolling Stones talde ingeles ospetsuaren bertsioak egiten dituen taldea- kontzertua eskaini zuen Arizgoitin. San Fausto plazan berriz, Arizgoiti orkestra aritu zen jendea dantzan jartzen.

Gaur San Fausto eguna, jaietako egun handia, ospatuko dute basauriarrek, eta koadrilak izango dira protagonista nagusi, santuaren prozesioa alde batera utzita. Goizeko hamaiketan «40 urte jaietan» leloa izango duen argazki erakusketa irekiko dute Social Antzokiaren atondoan, aste osoan irekita egongo dena.

Koadrilen herri bazkaria

Koadrilen herri bazkaria izango da Arizgoiti plazan, baina horren aurretik argazki ofiziala egingo dute. Indarrak berreskuratu ondoren, koadrilen arteko txapelketa izango da. Kale antzerkia eta play-back lehiaketa ere egongo da.

Bestalde, haurren eguna izango da biharkoa. Hitzordua goizeko hamaiketan izango da: Arizgoiti plazan alkate txikien hitzaldiak eta txupin txikiak hartuko dute jaien lekukoa. Asteazkenean, berriz, Athletic-eko Armando Ribeiro atezaina izango da haurren eguneko marrazki lehiaketako sariak banatzen sopeloztarraren peñak antolaturiko bazkarian.

Tortilla lehiaketa, zurrakapote dastaketa eta Golden Apple Quartet taldearen emanaldia izango dira eguneko beste ekitaldi nagusiak. Jubilatuen eguna izango da, bestalde, osteguna.

Egitarau ofizialaz gain, txosnagunean makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Kontzertuez gain, aipatzekoak dira pintxo ugari dastatzeko aukera emango duen Perretxiko Eguna edota datorren ostiraleko Gazte Eguna. Azken honetan jokoak, antzerkia eta zirkoa izango dira.

Egun horretan, Doctor Deseo taldea eta Kemen Lertxundi arituko dira egitarau ofizialaren barruan. Horrez gain, euskal jaia antolatu dute eta Erramun Martikorenak kontzertua eskainiko du. Diskoteka eta Hip-hop ikuskizuna ere egongo da.

Larunbatean su-festa, herriko taldeen emanaldiak eta Los Delincuentes taldearen kontzertuak izango dira. Txosnetan Feos pero majos-ek eta Amaiur-ek joko dute. Igandean hartuko dute atsedena basauriarrek, jaiei agur esateko Eskarabillera airera bota eta gero.

BAZKARIAK

Lehenengo eguneko ajea kentzeko bazkariak antolatu zituzten atzo Basaurin. Solabarria plazan indaba-jana egin zuten eta txosnagunean euskal preso politikoen omenezko bazkaria.

KONTZERTUAK

Doctor Deseo eta Los Delincuentes taldeen kontzertuak izango dira hurrengo asteburuan egitarau ofizialaren barruan. Txosnetan Amaiur eta Feos Pero Majos taldeek joko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo