GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Josebe EGIA

«Krisikosian», gazte eta emakume

Onartu behar dugu: estututa gaude. «Krisikosia» zabaldu da eta hemen dago. «Krisikosia», zeren badirudi benetako krisia, etxean sartuta zentimo bat bera ere gastatu gabe egoteko arrazoiak emango dizkiguna, ez dela oraindik heldu Euskal Herrira. Adituen esanetan, iritsi ez bada ere, iristen denean gordintasunez egingo du. Ondorioz, herritar arruntok izuak jota gabiltza. Krisi berri honek utziko diguna badakigulako zer den: aberatsa aberatsago -indartsuago- aterako da eta pobrea pobreago -ahulago-.

Jendartean ahulenek izaera hori gainditzeko ezintasuna ikusten dute, egunotan inoiz baino gehiago, eta dagoeneko ez zeruertzean, sudur-puntan baizik. Angustia hazten ari da pertsonen barruan, langabezia masiboa, kaleratze merkeagoak (abaguneari probetxua atera nahi betikoek, noski), soldata eta lanaldi murrizketak, hipotekak bere horretan... halako termino beldurgarriak etengabe entzunda. Angustia eta ezintasuna.

Gazteek emantzipatzeko duten ezintasuna, kasu. Zer esanik ez batek abentura horretan bakarrik murgiltzea erabakiz gero. Bikoterik gabe, alegia. Areago gazte eta emakume izanda.

Emantzipazio prozesuan lana eta etxebizitza eskuratzeko ahalmena beharrezko faktoreak dira. Emakumeentzat lan-merkatuan sartzea eta baldintza egokietan egitea gizonezkoentzat baino zailagoa da oraindik, lortu ahal dituzten lanak ere ezberdinak dira, soldatak baxuagoak, amatasunaren mehatxua enplegu-emaile askoren buruetan...

Baina gainera, beste hainbat faktore gehitzen zaizkigu. Duela gutxi arte emakumea etxetik joatea arrazoi bakarragatik gertatzen zen: ezkontza. Gizona ezagutu, haren emazte bihurtu eta familia propioa eratu, etxe bat utzi eta beste bat aurrera eramateko. Arrazoi hori ez bazuen, gurasoekin geratzen ziren haiek zaintzeko eta laguntzeko. Emakumearen papera betidanik horixe izan baita: zaintzailea, etxe bateko ezinbesteko euskarria, etxea eroriko ez bazen. Gero, aipatu bezala, duela oso gutxi, emakumea bere bizitzari heltzen hasi da. Emazte zintzo eta fidelaren rola gaindituta, lan eginez, bere dirua erabiliz, bere nahiak asez. Lehenengo aldiz bere kabuz bizitzen. Lan kontuengatik ez ezik, beste hori guztia gainditu beharragatik ere zailagoa izan dute.

Baina orain atzera gurasoengana bueltatu beharko dute. Atzera bidea egin. Gauzak ez datozelako samur, inorentzat, baina are gutxiago emakume gazte batentzat. Eta oraindik harritu egiten gara umerik jaiotzen ez dela-eta. Nola demontre espero dugu egoera ikusita umeak ekartzea bururatzea ere. Ezinezkoa da, motzean.

Hala ere, emakumeok horretara animatu nahi gaituzte nola edo hala. Pizgarriak, diru-laguntzak... Horretan dabiltza Bruselan zoroen pare. Gure funtsezko misioa hori izango bailitzan. Baina batzuentzat hala izanda ere, erraza dago bada. Orain, nahikoa dugu lana ez galtzearekin eta zubipera joan behar ez izatearekin. Gainera, gizon euskaldunon haziaren kalitateari buruz esaten direnak ikusita, etorkizunean haurdunaldia eta gurasotasuna utopia bihurtuko delakoan nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo