GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Alfonso Cantera Herrán Ezkerraldeko herritar euskalduna

«Erderaz askatasunez»

Aski da, PSE eta EAJko jaun-andreak! Euskararen normalizazioa ez da egikarituko hauteskundeen atarian edukirik gabeko propaganda kanpainak indarrean jarriz, hedabideetan norgehiagoka faltsuak antzeztuz edota herritarren aurrean gezurretan arituz

Patxi Lopez PSE-EEko Lehendakaritzarako hautagaiak, igaro den astean euskalgintzako eragile anitzen aurrean «Euskara askatasunez» agiria plazaratu zuenetik, ikuskizun deitoragarria jasan behar izan dugu Euskal Herriko hedabideetan. Goizetik gauera, euskal politikari profesionalak euskararen defendatzaile sutsuak bilakatu zaizkigu eta alderdi politiko bakoitzak hizkuntza normalizazioaren alde emandako urratsak erakusteari ekin diote plaza publikoan. Lopezen agerraldiaren ostean, EAJkoek hartu zuten txanda. Andoni Ortuzar BBBko presidenteak, Ezkerraldeko hainbat hautetsi alboan zituela, PSEko hautagaiari hauteskunde atarietan itxurakerietan aritzea leporatuz euskararen aldeko urratsak udaletxeetatik bertatik bultzatzeko eskatu zion. Ondoren, berriz, Ezkerraldeko PSEko agintariak ditugu kontraerasoan: «Geu gara euskara gehien bultzatzen dugunak» eta «euskara guztion ondarea da» bezalako esaldi borobilak zabalduz.

Esan bezala, oso argazki adierazgarriak ikusi ditugu egunotan. Gure Ezkerralde txiki honetako PSEko eta EAJko agintari politikoak Euskal Herriko jendarteari euskararen gaineko mezuak igortzen ikusi ditugu. Hamaika ikusteko jaioak gara! Hauteskunde garaia iritsitakoan, askotan ikusi ditugu bertako agintariak udalerrietara gerturatzen lan baldintzez hitz egiteko asmoz, ekonomiaren gorabeherez mintzatzen, lantegietako beharginekin batera argazkietan azaltzen... Baina euskarari buruz berba egiten...? Euskarari buruz! Holakorik inoiz ez! Orain, ordea, hedabideetan dauzkagu, euskara gai nagusi hartuta.

Bi urte luze daramatzat Barakaldoko euskalgintzatik oso aldendua, hamar urtean zehar herriko elkarte euskaltzale batean parte hartu ostean. Hamar urte horietan zehar euskararen inguruko borroka anitzetan parte hartu ahal izan dut, era batean edo bestean. Udalerrirako Euskararen Ordenantzak aldarrikatu ditugu, haurrak euskalduntzen dituzten eskolen aldeko jarduerak bultzatu ditugu, hezkuntza sistemak kaltetutako herritarrak antolatzen ahalegindu gara... Eta bitartean Barakaldoko Udaletik kolore askotako agintariak pasatu dira: PSOE-PP, PSOE-EAJ, PSOE-EB...

Egunotan hedabideetan ikusitakoak barrunbeak astindu dizkit eta Ezkerraldeko euskararen defendatzaile sutsu hauen atzean ezkutatzen diren benetako ekinbideak zein diren argitzera behartua ikusi dut neure burua. Izan ere, egunotan irakurritako zenbait kontu jendearen inteligentziaren kontrako erasotzat har daitekeela iruditzen zait.

Hogeita bost urte daramatza PSE-EEk Barakaldoko Udal Gobernuan, eta euskararen alde gehien egiten omen duten horiexek honako panorama taxutu dute: Barakaldoko kaleetan euskararen erabilera %10ekoa da, udal haur eskoletan eredu hirueleduna ezarri zuten euskarazko eredua baztertzeko asmoz, Euskararen Udal Ordenantzak eta Normalizazio Planak pentsa ezinezko tresnak dira bertan, Udalak euskara teknikari bakarra dauka -itzulpenak egiteko baliatzen duena-, euskara ikasteko beka sistemarik ez dago onartua, Barakaldo Antzokian ingeles ikuskizunak euskarazkoen bikoitza dira... Ezaugarri hauek guztiak (eta makina bat gehiago) aintzat hartuta, 2006an Kontseiluak eginiko udalerrietako hizkuntza politikaren neurketan, 10 puntutik 1,4 besterik ez zituen eskuratu PSEk kudeatzen duen Udalak.

Hala ere, ezin daiteke esan euskararen alorrean aurrerapausorik ez dugula eman. Herritarren borroka luzearen eraginez, normalizazioaren aldeko urrats txikiak ematera behartu izan dugu Udala. Aipagarria da mobilizazio ugari eta milaka atxikimendu bildu ostean, barakaldar guztion etxeetara iristen den «Udal Aldizkaria» elebiduna izatea lortu zutela euskaltzaleek. Hauxe da Ezkerraldeko PSE-EEko buruzagiek gustuko duten «bake linguistikoa», Euskal Herri osoan, lau haizetara zabaldu nahian dabiltzana.

Boterearen hizkuntza. Horixe da, hain zuzen ere, bertako EAJko agintariek gustuko duten hizkuntza. Gogoratu beharra dago jeltzaleak azken urteetan Udal Gobernuan eta oposizioan egon direla. Hortaz, denborak eskaintzen duen perspektibaz baliatuta, oso jarrera kontrajarriak topa daitezke alderdi hori poltronan edota oposizioaren bulego «hezean» egonda. Jeltzaleek, udal gobernuan egon diren bitartean, Korrika bezalako ekimen bati laguntza ukatu izan diote, eta oposiziora pasatu direnerako lagunik euskaltzaleenak bilakatu zaizkigu. Euskalgintzako kideok oraindik ez dugu ahazten Euskararen Udal Ordenantzak osatzeko proposamena Udalbatzaren mahai gainera eraman genuenean zein izan zen beraien erantzuna. EA, EB eta EH izan ziren udal ordenantzen beharra azpimarratu zuten alderdi politiko bakarrak.

Ibiliaren ibiliaz erakusten du bakoitzak esanak ekintza zehatzetan bilakatzen dituenentz, eta Barakaldoko EAJk egunotan argibide batzuk eskaini dizkigu zentzu horretan. Barakaldar guztion postontzietan informazio eskuorri bat, erdara jatorrean osoki idatzia, zabaldu berri dute. Ez zait niri oso eredugarria iruditzen Udalari euskararen aldeko ekintza zehatzak eskatzen ibiltzea eta aldi berean horrelako ekimen baztertzaileak burutzea.

Aski da, PSE eta EAJko jaun-andreak! Euskararen normalizazioa ez da egikarituko hauteskundeen atarian edukirik gabeko propaganda kanpainak indarrean jarriz, hedabideetan norgehiagoka faltsuak antzeztuz edota herritarren aurrean gezurretan arituz. Nahitaez eguneroko ekinbideek kokatzen dute bakoitza dagokion tokian... Baita euskararen defendatzaile faltsuak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo