GARA > Idatzia > > Ekonomia

Hemen-en iritziz, barnealdea garatzeko «beharrezkoa» da trenbide loturak berritzea

Ipar Euskal Herriko barnealdea eta kostaldearen osagarritasuna bermatzea da Hemen elkartearen egiteko bat. Hilaren 25ean Arrosan egingo duen biltzarraren harira, garapen ekonomikoa bermatzeko, Baiona-Donibane Garazi tren-linea berritzea ezinbestekoa dela adierazi dute.

GARA |

Lurraldeen arteko osagarritasuna, oreka eta elkartasuna sustatzea izan da sorreratik (1979) Hemen elkartearen helburuetako bat. Lapurdiko eta batik bat Nafarroa Behereko eta Zuberoako garapen ekonomikoa bultzatzeko jaio zen elkarteak datorren urriaren 25ean egingo du urteko biltzarra Arrosan.

Horren karietara, «Kostaldearen eta Barnealdearen arteko osagarritasuna eta elkartasuna baldintzatzen duen arazo bat» aipatu zuten atzo, Baionan. Hemen-eko arduradunen iritziz, Baiona eta Donibane Garazi lotzen duen trenbidea eraberritzea «guztiz beharrezkoa» da.

Tren-linea horrek eskaintzen dituen aukerak egun ez direla behar bezala baliatzen jakina bada ere, horrek ez du «aitzakia izan behar utzikerian erortzeko», esan zuten. «Are eta gutxiago, egun Baionako inguraldea Kanboraino iristen denean».

Frantxua Maitia Akitaniako kontseilari eta, era berean, Donibane Garaziko kontseilari nagusia dena ere eraberritzearen alde azaldu zen. Beraren esanetan, Akitaniako Kontseilua iritzi berekoa da. Maitiak adierazi zuen orain artean egindako azterketek eraberritze-lanen kostua handia izango dela agertzen dutela, zehazki, 110 milioi euro inguru. Alta, kostuak kostu eta Estatuaren, SNCFren eta RFFren hutsuneak hutsune, «linea uztea porrota litzateke».

Gune ekonomikoak

Jarduera ekonomikorako lurren premia behin eta berriro mahaigaineratzen denean, «trenbidearen lerroan hamaikatxo gune aproposak» daudela gogorarazi zuen, bestalde, Michel Berger Hemen-eko kideak.

Haren hitzetan, linea suspertzea eta eraberritzea oso lagungarria izango litzateke Ipar Euskal Herriko barnealdean garapen eta jarduera ekonomikorako guneak sortzeko edo handitzeko.

FUNTZIO SOZIALA

Baiona-Donibane Garaziko trenak duen funtzio soziala ere ezin da ahantzi, Hemen-en aburuz. «Erromesez gain, ikasleek eta langileek ere gehiago baliatuko lukete».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo