GARA > Idatzia > > Kultura

Heriotzaren gaia eta eskolako gorabeherak, haur eta gazte literaturako azken lanetan

Munduko bazter guztietatik heldutako haurren istorioa, Nikolas Txikiren abenturak eta heriotzaren gaia jorratu dituzte, hurrenez hurren, Arrate Egañak, Koro Navarrok eta Josu Zabaletak, eta Etxeberria anaiek.

p042_f01_148x104.jpg

GARA | DONOSTIA

Elkar argitaletxeak plazaratutako haur eta gazte literaturako azken hiru eleberrien aurkezpena egin zuten atzo Donostiako Elkar aretoan. Xabier Mendiguren eta Mitxel Murua editoreekin batera, Arrate Egaña, Xabier eta Martin Etxeberria idazleak eta Koro Navarro eta Josu Zabaleta itzultzaileak izan ziren euren lan berriak aurkezten.

«Hizkuntza sekretua» izenburuarekin, Egañak munduko lau bazterretatik etorritako neska-mutilen istorioa kontatzen du. Eskola bateko gorabeherak ardatz hartuta, ikasleen arteko arazoak kontatu eta eskolako funtzionamendua ere kolokan jartzen duelarik. Irakaskuntzaren arloan lan egindako errenteriarraren hitzetan, ohiko planteamendua eskola ematea eragozten duen ikaslea aparte jartzea da, baina ikaslearentzat hobea litzateke gela arruntean kokatzea. Horri buruz gogoeta egitera bultzatzen du irakurlea.

Egoera horretan oinarrituta, Egañak Mei izeneko neska baten istorioa kontatzen du. Felipe zuzendariak ikastetxean ikasle kaxkarren gela osatu du, «Porrot taldea» deiturikoa. Ikasgela horretan Mei agertuko da, neska bakarti eta isila, baina gaitasun bat duena: zomorroekin hitz egiten du. Elementu berezi hori sartzeak, idazlearen hitzetan, kontraste bortitza sortzeko balio du; errealitatetik pixka bat aldentzeko. Ikastetxe barruko istiluez gain, maitasuna ere landu du Egañak. Bi helduen arteko maitasun istorioa protagonistaren bakardadea azpimarratzeko eta egoera hori akuilu duen bere azkeneko abentura abian jartzeko ondo etorri zitzaiola azpimarratu du idazleak.

Heriotza haurren begietatik

Haur literaturan lehendik ere jardundakoak diren Xabier eta Martin Etxeberria anaiek, bestalde, «Nik dauzkat aitonaren hortzak» eleberriaren berri eman zuten. Umorearen ikuspegitik heriotzaren gaia lantzen dute, naturaltasunez begiratzeko ahaleginean. Jokin Mitxelenaren marrazkiak ere kontalari dira, eta ipuinaren tonu eta erritmo umoretsu eta biziari eusten diote.

Anton da narrazioaren protagonista nagusia eta bere aitona hil egin den arren, beraren hortzak bilobak ditu, horrela berba egiten baitio. Antonek hortzak beti aldamenean eramango ditu baina azkenean, agur esateko ordua iritsi zaie; bakoitzak bere bidea hartu beharko du. Etxeberria anaiek, heriotzaren gainean gogoeta egiten jartzen ditu irakurleak.

Martin eta Xabier Etxeberriak (Zarautz, 1974) haur eta gazteentzat hainbat liburu kaleratuak dituzte bien artean. Horien artean, «Pako Fakirra» eta «Ez dadila eguzkia sartu».

Koro Navarrok eta Josu Zabaletak, bestalde, Nikolas Txikiren abenturak kontatzen dituen eleberria itzuli dute euskarara. «Nikolas Txiki. Historia ezezagun gehiago» izenburuarekin, orain arte argitaratu gabeko berrogeita bost pasadizo barregarrik osatzen dute liburua. Hainbat agertoki azaltzen dira liburuan, eta beti bezala, pertsonaiak eskolan, kalean, igerilekuan, bizilagunekin... agertzen dira. Askok espero zutenaz beste, Rene Goscinny idazleak eta Sempe marrazkilariak orain berrogei urte baino gehiago sortutako Nikolas Txiki pertsonaiak, idazlea hil ondoren ere, badu oraindik jarraipenik.

Fitxa

«Hizkuntza sekretua»: Arrate Egaña. Marrazkilaria: Marimar Agirre. 13,95 euro. 184 orr.

«Nik dauzkat aitonaren hortzak»: Xabier eta Martin Etxeberria. Marrazkilaria: Jokin Mitxelena. 8 euro. 48 orr.

«Nikolas Txiki. Historia ezezagun gehiago»: Itzultzaileak: Koro Navarro eta Josu Zabaleta. 24,50 euro. 368 orr.

Argitaletxea: Elkar

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo