GARA > Idatzia > > Mundua

Hautesle afroamerikarren boza bereganatu nahian ari dira AEBetako hautagaiak

Biztanleriaren %12 izanik, afroamerikarren bozak aparteko garrantzia izango du AEBetako hauteskundeetan. Estatu batzuetan haiek egindako hautua erabakigarria izango da. Beraien boza eskuratzeko, etxez etxe, elizaz eliza, atez ate doaz hautagaiak eta beraien lan taldeak.

GARA |

Ameriketako Estatu Batuetako beltzak hauteskundeetan garaipena lortzeko gako bihurtu dira, Alderdi Demokratarentzat batez ere. Horretaz jabeturik, Barack Obamaren jarraitzaileek komunitate afroamerikarraren esku-hartzea bultzatzeari ekin diote aspaldian. Haien bozak une honetan aparteko garrantzia badu ere, oro har, eragin eskasa izan ohi dute Etxe Zurirako lehian. Horri buelta emateko, hautes-erroldetan izena masiboki emateko dei egin die Alderdi Demokratak. Virginian, Floridan, Ohion, Iparraldeko Karolinan eta Missourin biztanle beltz asko dago. Alde batera edo bestera egiten badute, azken emaitzak baldintzatu ditzake horrek.

Testuinguru horretan, batzuk zein beste buru-belarri ari dira lanean afroamerikarren oniritzia eta boza bereganatzeko. Elizetara, ituna ikasten duten taldeetara, familietara, hip hop kontzertuetara jotzen dute bozen bila, baita epaitegietara ere. «Sekula izenik eman eta bozkatu ez dutenak gureganatu nahi ditugu», adierazi zuen Virginiako Ronald Winters apaizak.

Hautesleen %12 soilik ordezkatzen duten arren, preso daudenen %40 afroamerikarrak dira. Jada kartzelatik kanpo, bozkatzeko eskubidea berreskuratu dutenengan ere jo dute.

Beste jo puntua gazteak izan dira. Haiengana iristeko, musika kontzertuak antolatu dituzte. Afroamerikarren batez besteko adina 31 urtekoa da, hautesle zuriena baino hamar urte gutxiago. Azken hauteskundeetan muzin egin zioten bozkatzeari. «Barack Obamak eragin izugarria du gazteen artean. Hautesle gazteenak mugiarazteko aparteko lana egin du», nabarmendu zuen David Bositis analistak. Haren ustez, «hautesle beltzen parte-hartzea hogei puntu igoko da». Aurreikuspenak betetzekotan, Alderdi Demokrata aterako litzateke irabazten.

McCAIN BEHERaNTZ

Jon McCainek ez du bururik altxatzen. Azken eztabaidarako egun bakarra falta denean, inkestetan beherantz doa. Neurri fiskal berririk ez duela iragarriko esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo