Aizkora Txapeldunen Liga
Juanjo Lopezek ere finalerako txartela lortu ahal izan du
Nazabal, Arrospide eta Larretxea ere bertan izango dira. Non izango den oraindik erabakitzeko dago, baina, seguruenik ere, urriaren amaieran jokatuko da
Jon LEUNFDA | DONOSTIA
Amaitu da Txapeldunen Liga, eta Floren Nazabalek eraman du txapela. Asteburu honetan jokatu dira azkeneko bi jardunaldiak, baina bietako inon ez da izan Etxarrikoa, bera bere lanak amaituta baitzegoen, txapela segurtatuta zeukanez.
Asteburu honetan, berarekin batera Kopako finalean zeintzuk izango ziren jakitea falta zen. Larretxea eta Arrospide seguru zeuden, eta bestea erabaki behar zen, eta azkenean, Juanjo Lopez izango da.
Larunbatean Agurainen jokatu zen saioan, Anjel Arrospide atera zen garaile. Leaburuko aizkolari beteranoak lan bikaina egin zuen, eta lehiatutako ia proba guztiak irabazi zituen. Kolpekakoan bigarren geratu zen, baina gainerako guztietan lehen postuan amaitu zuen. Lan guztiak 14 minutu eta 54 segundotan amaitu zituen.
Bigarren sailkatu zen Donato Larretxea. Honek kolpekako saioa irabazi zuen, eta 16.06 izan zen bere denbora. Hirugarren eta azken postuan, berriz, Juanjo Lopez sailkatu zen, eta bere denbora, 16.06 izan zen.
Herenegun jokatu zen Pobesen azkeneko ekinaldia. Bertan Olasagasti ere izatekoa zen, baina gipuzkoarrak ezin izan zuen joan eta bere ordez plazaratu zen Larretxea. Azkenean, gainera, bera izan zen onena, saioko proba guztiak bereganatuz, lanak 14.52 denboran betez. Bigarren amaitu zuen Lopezek, eta bere denbora, 15.30 izan zen. Azken postuan geratu zen Arria V.a, 16.36eko denbora eginda.
Orain Kopako finala jokatzea falta da, eta atzo GARAri Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak, jakitera eman zionez, asmoa hilabete honen bukaeran jokatzea omen da: «Bi edo hiru leku badauzkagu, eta haiekin harremanetan gaude. Hasiera batean hilabete honen amaieran jokatzea litzateke egokiena, eta horretan saiatuko gara, baina horrela ez bada, azaroaren hasieran izango da», eman zuen jakitera.
Kopako final horrekin emango zaio amaiera aurtengo Urrezko Aizkorari, baina aizkolarientzat etena ez da luzaroko izango, abendu aldera Binakako Txapelketari ekin beharko dietelako.
Anjel Arrospide sasoi bikainean dago. Larunbatean berak irabazi zuen Agurainen jokatutako saioa. Proba guztietan oso ongi aritu zen, eta kolpekakoa ez beste guztiak bereganatu egin zituen.
Donato Larretxeak ere ez du asteburu txarra egin. Nafarra bigarren izan zen Agurainen jokatutako saioan, baina Pobesen irabazi egin zuen, eta Lopezen eta Arriaren gainetik geratu zen.
Patxi Mindegia ez da arituko hilaren 18an Altsasun jokatuko den Hirugarren Mailako Euskal Herriko finalean. Zubietako aizkolariak herenegun eman zuen ezagutzera ez zuela Arriaren aurkako apusturik jokatuko, arazo fisikoak dituelako, eta atzo bertan baieztatu zuen Hirugarren Mailako finalean ere ez dela izango.
Etxeberria sailkatu zen hirugarren Urrotzen jokatutako kanporaketan,eta berak beteko du Mindegia gaztearen lekua.