GARA > Idatzia > > Kultura

Poeta eta euskal liturgiaren sortzaileetariko bat izan zen Iratzeder zendu zen atzo

Xabier Diharce «Iratzeder» euskaltzain oso emeritua atzo goizean hil zen Belokeko monastegian, Ahurtin, 88 urte zituela. Bere bizitzaren zatirik handiena pasatu zuen monastegiko elizan egingo dira olerkari eta euskaltzalearen omenezko hileta-elizkizunak. Donibane Lohizunen jaio zen 1920an eta hogei bat urte zituela sartu zen Belokeko monastegian, 1972an bertako abade egin zuten eta hamabost urtez atxiki zion postuari. Afrikan ere izan zen 1987an.

p040_f01.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Iratzeder poeta abertzale mistikoa zen» adierazi zuen Daniel Landart euskaltzain urgazle eta idazleak. Hiru hitzetan azaldu zuen idazle donoztiritarrak Iratzeder ezagutzen zuten guztiek nabarmentzen dutena. Xabier Diharceren txikitako lagun Piarres Xarritonek gogora ekarri zituen bere adiskidearen hitzak: «Iratzederrek esaten zuen maite zuela Euskal Herria Jainkoa maitez».

«Bere kezkak zituen Jainkoari eta Euskal Herriari buruz, gure herriari buruz zuen amodioa erakutsi nahi zuen, aski da bere obraren irakurtzea ikusteko nola kezkatua zen horretaz» nabarmendu zuen Jean Haritschelhar euskaltzain osoak.

Iratzederren abertzaletasuna nabarmena izan zen. Estatu espainoleko gerra zibila izan zenean Francoren alde ez zegoen elizgizon bakanetarikoa izan zela azaldu zuen Landartek: «Piarres Laffite, Xarriton eta Iratzederrez aparte beste guztiak Francoren alde zeuden, beti-betidanik kontzientzia hori izan zuen».

Hamabi urte zituela hasi zen Xabier Diharce bere lehen hitzak euskaraz idazten. Adin horrekin aitarengana joan zen apaiza izan nahi zuela esanez, eta orduan, horretarako euskara nahikorik ez zekiela erantzun zion aitak. Egun horretatik aurrera bere euskara hobetzen hasi zen. 13 urte zituela Uztaritzeko seminariora sartu zen eta han ezagutu zuen bizitza guztian lagun izan zuen Piarres Xarriton. «Hamahiru urte nituen eta berak hamalau elkar ezagutu genuelarik Uztaritzen» kontatu zuen Xarritonek.

Euskararekiko zuen interesa horrela azaltzen zuen txikitako lagunak: «Umetan elkarrekin lagun ginen zeren eta izugarrizko biblioteka eman zidaten, nire osabarena, eta han banituen liburuak euskaraz ere». Daniel Landartek, Iratzederren euskaltzaletasunaren berri emateko, honako hau aipatu zuen: «Seminarioan eri egon zen eta orduan euskarazko liburuak eta `Gure Herria' agerkaria irakurtzen zituen, hiru hilabetez hirurehun bat kantu gogoz ikasi zituen».

«Olerkari ederra»

1937an Gernika bonbardatu zutenean, «Zorigaitzezko Euzkadi» olerkia idatzi zuen eta «Euzko Deya» aldizkarira igorri zuen. Xarritonek horrela azaldu zuen momentu horretako egoera: «Izan genuen Gernikaren suntsiketaren berri eta orduan hasi zen bertsuz idazten, bere prosari ez baitzen fida adin horretan, eta, beraz, bertsotan hasi zen».

«Uste dut galtzen dugula gizon handi bat, fraidea dudarik gabe, baina olerkari ederra ere bai» baieztatu zuen Euskaltzaindiko presidente ohiak. Idazteko zuen grina eta gogoa Iratzederrengan ageria zela nabarmendu zuen Landartek: «Bizi guztia, azken bost urteak arte, idazten aritu da». Idazle donibandarraren poesia honela definitu zuen: «Oso sinplea, oso erraza, oso ulergarria, oso maitagarria da Iratzederren poesia».

«Salmoak» obra nagusiaren egokitzaile ere izanik, euskal liturgia berriaren hedapenean toki nagusia hartu zuen. Jean Haritschelharrek horrela azaldu zuen bere kezka: «Xede zuen Euskal Herriak behar zituela bere otoitzak euskaraz egin, bere liturgiak euskaraz egin Vatikanoko II. Kontzilioak galdegiten zuen bezala». Une horiek Iratzederrekin bizi zituen Xarritonek horrela azaldu zuen egoera: «Liturgiaren itzulpena egin zuelarik izan zen, ez baikinen konforme egina zen itzulpenarekin».

1953an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1963an euskaltzain oso. Bai idazle, bai itzultzaile moduan sariak irabazi zituen. Eskualtzaleen Biltzarrak «Zakalar» poemarengatik saria eman zion eta «Pindar eta Lano» bildumarengatik beste golardo bat. EIZIEk Itzultzaile Ohorezko izendatu zuen 1991an. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion 1994an eta urte berean Sarako Idazleen Biltzarrak omenaldia egin zion.

ABERTZALEA

1937an Gernika bonbardatu zutenean «Zorigaitzezko Euzkadi» olerkia idatzi zuen. Piarres Xarritonek horrela azaldu zuen egoera: «Entzun genuen Gernika suntsitu zutela, eta orduan hasi zen bertsuz idazten».

ELIZGIZONA

«Xede zuen Euskal Herriak behar zituela bere otoitzak euskaraz egin Vatikanoko II. Kontzilioak galdegiten zuen bezala» azaldu zuen Haritschelharrek. Horretarako «Salmoak» itzuli zituen eta kantuak konposatu.

«Iratzeder eta Xalbador eztabaidan ari dira orain»

«Nire ustez orain gain horretan ari dira eztabaidan Iratzeder eta Xalbador», esan zuen Piarres Xarriton euskaltzain osoak. Eztabaida horien testigantza liratekeen bi poeten obrak goraipatzen ditu Xarritonek: «Nahiko nuke euskara maite duten euskaldun guztiek, iparraldeko zein hegoaldekoek, irakur dezatela Iratzeder». Eta, jarraitu zuen esanez, «ez soilik `Zorigaitzezko Euskadi' edo Iratzederren poema abertzaleak edo elizako kantuak. Baita Xalbadorren obra ere beharko lukete irakurri». Urepeleko artzainari buruz esan zuen: «Xalbadorren `Jainkoa eta ni' poema literaturan dugun testurik aberatsenetarikoa da».

Nafarroa Beherean bere bizitzaren gehiengoa pasatu zuten bi poetek gure egunetara arte ailegatu diren kantuak idatzi zituzten. Aita Lertxundik musikatu Iratzederren olerkiekin eliza kantu asko sortu zituzten. «Oraingo eliza katolikoko liturgia eta bereziki euskarazkoa Beloken egin da hein handi batean. Hor ziren Iratzeder idazle gisa, baita Aita Lertxundi ere musikari gisa, oraingo elizako kantuak sortuz» esan zuen Jean Haritschelhar euskaltzain eta idazleak. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo