GARA > Idatzia > > Kultura

Gabriel Aresti omenduko dute Bilbon, bera jaio zeneko 75. urteurrenean


GARA | BILBO

Bilbotarrek Gabriel Aresti (1933-1975) zena omenduko dute gaur, haren jaiotzaren 75. urteurrenean. Egun osorako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, idazle eta poetaren irudia gogorarazteko. Gabriel Aresti Eguna ospatuko da gaur, hain zuzen ere. Egunotan Bilbon poesiaren astea egiten ari dira eta horrela oroituko dute Aresti bilbotarra. Goizean, Berroeta Aldamar kalean, Arestiren etxe aurrean, hain zuzen ere, plaka bat jarriko dute «Hemen jaio zen Gabriel Aresti Segurola idazlea» dioena. Ondoren, haren poema batzuk irakurriko dituzte. Omenaldian, Bilboko alkate Iñaki Azkunaz gain, udaleko talde guztia eta Arestiren alarguna, Meli Esteban ere bertan izango dira.

Arratsaldean, berriz, musikaren bidez gogoratuko dute Aresti olerkaria. Hiriburuko Bidebarrieta liburutegian, «Aresti gaztea»ri buruzko ekitaldi poetiko bat egingo da. Bertan idazlearen bertsoak kantatuko dituzte Erika Lagoma bertsolari nafarrak eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolari gipuzkoarrak. Igor Estankona eta Hedoi Etxartek, berriz, Arestiren poemak errezitatuko dituzte. Aurkezle lanetan Edorta Jimenez idazlea izango da.

Eguna bukatzeko, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak hartuko du omenaldiaren lekukoa, bere testuen jarraitzaile, irakurle eta ikerlari izan den Koldo Izagirre idazleak hitzaldia eskainiko baitu bertan eta horren ostean, Joseba Tapia musikariak bere hitzei soinua jarriko die. Ekitaldia iluntzeko zortzietan izango da. Gabriel Aresti idazle bilbotarrak euskal poesia eraberritu eta gaurkotu zuela gogoan izan behar da. Haren liburuek, hala nola «Harri eta herri» (1964), «Euskal harria» (1968), eta «Harrizko herri hau» (1971), euskal kulturan garrantzi handia izan dute. Poesiaz gain, Gabriel Arestik literaturako genero guztiak jorratu zituen; narrazioa, antzerkia eta saiakera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo