GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

David Lopategi Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Bizkaiko koordinatzailea

Eta zuk, zer egingo duzu?

Mila milioi pertsonak desnutrizio kronikoa pairatzen duenean, egunero 15.000 haur gosez hiltzen direnean, lotsagarria iruditzen zait munduko pobreziaren arduradun nagusiak erreskatatzea

Beste urte batez, urriaren 17an, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna datorkigu. Lehen Munduan, krisi ekonomikoan murgilduta gaudenez, benetako pobreez norbait gogoratuko ote da? Edo banketxe erraldoi koitaduak salbatzeaz arduratuko gara bakarrik?

Orain AEBetako Gobernua khango banketxeak erreskatatzea erabaki du. 700.000 milioi dolar gastatuko ditu haien zorrak erosten, hau da, banketxeen galerak sozializatzen. Hau marka hau! Politika kapitalistaren eredurik eraginkorrena.

Sei hilabetetik sei hilabetera bankuek irabazitako etekinei buruzko txosten lotsagabeak (espekulazioa, gerra ilegala, herri txirotuen errekurtso naturalen espoliazioari esker... irabazitako etekinak) pairatzen urteak daramatzagunean... Beren burua salbatzeko gobernuei egindako bitartekaritza eskaeraren aurrean axolagabe agertu beharko dugu? Txantxa izan behar du! Hau surrealismoaren paradigma izan liteke! Munduko bankan Fellinik inspiraziorako musa berria topatuko luke. Haien etekinak sozializatu al zituzten orain galerekin egiten saiatzen diren bezala?

Mespretxagarria, lotsagabea eta moralki deitoragarria da Bushen Gobernuaren erreskate plana. Nork behar du benetan erreskate plan bat? Mila milioi pertsonak desnutrizio kronikoa pairatzen dutenean, egunero 15.000 haur gosez hiltzen direnean eta sei pertsonatik bost herri txirotuetan zein garatze bidean dauden herrialdeetan bizi direnean, lotsagarria iruditzen zait munduko pobreziaren arduradun nagusiak erreskatatu behar hau. Gainera, pobrezia larritzeaz arduratzen direnean, nola ez!

Ez dute lotsarik munduko milioika pertsonentzat diren elikagai nagusiak nekazaritza erregaien produkziora bideratzeko. Erregai ekologikoak lortzeko! Hau bai konpromisoa Ama Lurrarekiko! Afrikako hirietako biztanleriaren %50 eta Latinoamerikako %40 elikatu gabe dagoenean, nekazaritza erregaiak bultzatzea lotsagabekeria besterik ez da!

Erreskateaz hitz egingo dugu orain? Nor erreskatatzeaz? Gerra ilegal baterako herri txirotuen oinarrizko elikagaien inportaziorako baino hiru bider gehiago gastatzen duena erreskatatzeaz? Horri buruz hitz egingo dugu?

Agian, norbaitek galdetuko dio bere buruari: «Zer egin nezake? Ezin dut gauza handirik egin». Zerbait egin dezakezu, noski! Asko gainera! Adibidez, aurrezki kutxan edota banketxean daukazun kontu korrontea itxi dezakezu, eta zure aurrezkiak Banka Etikoan inbertitu. Zure kontsumo-mailaren parte bati ezetz esan diezaiokezu: pobrezia pairatzen dutenekin xahutzaile eta bidegabe jokatzen duenari.

Pobreziaren kontra diharduten zenbait elkartetan parte har dezakezu. Begiak ireki, informatu eta ezagutu munduko pobreziaren iturburuak, eta azter dezakezu horretan ere zuri ardurarik dagokizun. Nekazaritza erregaiak ez erostea hauta dezakezu. Bidezko merkataritzako dendetan egin ditzakezu erosketak. Ingurumena gehiago zaindu dezakezu. Elikagai ekologikoak kontsumitu ditzakezu. Zure inguruko jendea mobiliza dezakezu. Pobrezia desagerrarazteko instituzioek hartutako konpromisoak bete ditzaten aldarrikatu dezakezu. Boikot zuzen eta pertsonala egin diezaiekezu transnazional erraldoiei. Gauza asko egin ditzakezu. Zu aldatu, mundua eraldatzeko.

Beste urte batez Urriak 17-Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna gerturatu zaigu. Eta, nola ez, aurten ere, zenbait eragile sozial eta Gobernuz Kanpoko Elkarte kalera aterako gara gobernuei zein estatuei Milurteko Adierazpenean hartutako konpromisoak bete ditzaten exijitzeko, pobreziatik eta gosetetik hasita. Eta gogorarazteko sinadura hartatik jada zortzi urte pasatu direla eta oraindik ez dutela ezer egin.

Eta zuk, zer egingo duzu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo