GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Lucinda Williansek du errua

 

 

Etxean nago, lasai, Lucinda Williamsen azken diskoa «Litle Honey» entzuten, eta zer nahi duzue? Gaur ez dut gogaitzeko asmorik. Nahiago dut kanta bakoitzak barnean eragiten didan leherketa labur baina irmoa dastatu. Ahal bezain sakon, ahal bezain poliki. Horregatik, kantu bikainak entzutea bezain plazer gutxi dagoela aldarrikatu nahi dut gaur. Plazer intimo eta barnerakoi hori azaleratu, lotsarik eta mugarik gabe.

Zer nahi duzue? Kantu bakar batek eragin dezakeen zirrara kopurua kontuan hartuta, ez nau harritzen askorentzat musika droga kaltegarri izatea, «kasualitatez» zenbat eta interesgarriagoa izaki, are kaltegarriagoa dena. Ezkutuan kontsumitu beharrekoa, ohiko bozgorailuetatik aldenduta, eguneroko zabor jasak baztertuta... Zenbat lekutan, zein baldintzetan, aukeratu eta eskatu gabe entzuten dugun «musika» gaur egun!

Horregatik (ai ene, Lucinda orain Elvis... Costellorekin ari da) berreskuratu dezagun zirrara eragiten digun musika eta hura entzuteko eskubidea; ekipoa piztu, diskoa aukeratu, eseri gozo, eta, une batez begiak itxi, bestean, altxa eta airea astindu, eskuetan Hendrix beraren gitarra bazenu bezala, orain barneratu, gero malkotegian zirrikitu bat ireki, dantzatu, tristatu, amets pixka bat egin... hitz batean, gozatu! Ez dizut kontatuko kantu bikain baten itzalpean egin daitezkeen gauza guztiak, ezta?

Autoan lanerako bidean, supermerkatuan, sakelakoan, autobusean, arretarik gabeko irratian, igogailuan, tabernan, ile apaindegian, banketxean, komunean, edozein itxarongelan, telebistan... musika entzutea gustuko baduzu, aurrera, zure kontua da... (Williams andrea «Rarity» xuxurlatzen ari zait belarrira, oraintxe bertan) baina ezin duzu imajinatu ere egin zer-nolako plazera igaro berri den gero eta harrizkoagoak diren bi belarri horien albotik. Portzierto! Zenbat sufritzen ote dute klase ertaineko ohiko gizaki baten belarriek gurea bezalako ingurune malapartatuan?

Baina, ez, ez dut horrekin gogoratu nahi. Oraintxe bertan, nahiago dut melodiak bere besoetan hartzea, eta unetxo bateko atsedenera eraman nazan. Oraintxe bertan, nahiko lan badut musika barnerantz bultzatzen, hark azaleratu ditzan bestela oso gutxitan ikusten ditudan bazterrak (Laboari lanbroarekin gertatzen zitzaion moduan, hura merkeago, are merkeago). Hori lortzeko askok bidaia egin behar dute Tibetera, edo erlijioren batean izena eman edo menpekotasunen batean afiliatu ... Nahiago musika!!

Zer nahi duzue? Lucinda Williamsi bota gaurko «ergelkeriaren» errua.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo