Xabier Silveira Bertsolaria
Euskaldunaren hitza, hitza hitz
Galdeketarik ez da egingo, orain sei herritan ekitaldiak antolatu dituzue... Baina zer da hau, adarjotze bat? Zer zarete, komikoak? Hitza eman eta ez duzue bete edo, okerragoa dena, gezurra zen guztia? Gezurra zen!Bitxiak zarete bai, bitxiak benetan. Ni ez naiz izango, agian, arrunta, baina zuena arrunt bitxia da; arras arraroa. Mila eta bi aldiz entzun dut zuetarikoren baten ahotik esaldi famatu hori, zuentzat esaldietan esaldiena dena. Euskalduna hitzeko pertsona duk! Badakizue zein izan den nire erantzunik zehatzena? Inor ez da perfektua.
Baina, perfekziotik, paradoxikoki bada ere, perfekziotik oso oso hurbil dago putakume perfektua. Ez bedi, hala ere, hemendik aurrerakoarekin inoren ama mindu, arren eta arren.
Zumaian nintzela oroitzen dut, festak zirela, eta han banengoen gaupasa eginda nengoelako izango da, agian ere. Bi hitzordu nituen emanak egun hartarako, edo, hobe erran, bi ordu desberdinetarako emana nuen hitza. Lehenengora iristea ezinezko bilakaturik, bigarrenera ere ez joateko, ez azaltzeko ere gomendatu zidan lagun handi luze batek. Baita kasu egin ere nik. Taberna atari batean ginen gu, orduantxe egindako bospasei lagun, eta haietako bi, hizkeragatik inguru hartakotzat jo nituenak, kargu hartzen hasi zitzaizkidan nire hutsegiteez harro mintzatu nintzaienean. Badakizue zein izan zen beraien mespretxu esaldia? «Euskalduna hitzeko gizona duk!» Eta orduan entzun nuen nire ahotik erantzuna. «Inor ez da perfektua». Handik minutu gutxira, ingurukoak gonbidatu nahi ez dituenaren ezkuturako gogoa adierazten zuen begiradaz, gure bi lagunak, «oraintxe gatoz» esan eta desagertu ziren. Ez ziren itzuli. Hitzeko gizonak.
Ez dut uste bi mutil haietako inork Ibarretxe zeukanik abizena, ez eta EAJ, EA, IU edo Aralarkoak zirenik; baina beraiek hala nahi izan gabe euskaldunak zareten hitzeko pertsonen argazki egokia oparitu zidaten. Zuetako askok eta askok bezala. Bai, zuetako askok. Badakidalako nire argazkipeko atal hau ez dutela gure ghettoko terroristek bakarrik irakurtzen, zuek ere irakurtzen duzue atal hau kontrakoa nahiagoko zenuten arren. Eta goiko lerrotan nire zabarkeria azpimarratzen nuen bitartean nire hitzok irribarre paternalistaz irakurtzen dituzuenok, orain behatzez seinalatuko zaituztet. Hitza betetzen ez dugunon infernuan erreko zarete zuek ere, EAJ, EA, IU eta Aralar osatzen dituzuen guztiak. Zer zen urriaren 25ean? Zer egin behar zenuten? Zenuten bai, Nafarroan ez baikara euskaldunak, edo bai? PSN ere bai.
Galdeketarik ez da egingo, orain sei herritan ekitaldiak antolatu dituzue... Baina zer da hau, adarjotze bat? Zer zarete, komikoak? Hitza eman eta ez duzue bete edo, okerragoa dena, gezurra zen guztia? Gezurra zen!
Eta oraindik ere, gainera, zuen ahoak jasan beharko ditugu lerde jario, hau eta beste, beti gauza bera errepikatuz zuen chiriringito-ko tronu zikin horiek betiko ipurdipean nahi dituzuelako? Egiten duenari egurra eta zuek egiten duzuena gezurra? Argi dago, lapurra lapur izan dadin ezinbestekoa da txakurra. Ez dakit hitza betetzen ez dugun txoriburu, ezjakin, hitzontziontzat lapurrak edo txakurrak zareten zuek, hitzeko euskaldunak. «Palabra de vasco, ekarri asko». Nazkagarri zikinak!