Bi lagun atxilotu dituzte Bilboko eta Donostiako AHTren aurkako ekintzetan
ADIFek AHTren berri emateko hainbat tokitan jarritako erakusketetan gezurrezko informazioa ematen duela salatu du AHTren Aurkako Asanbladak. Atzo, Bilbon eta Donostian, AHTren aurka protesta egin zuten.
GARA |
Magdalena Alvarez Sustapen ministro espainola Lukura AHTren lanak ikustera etortzekoa da gaur. Hala, atzo, Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak proiektuaren kontrako ekintzak egin zituen Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) Donostiako eta Bilboko egoitzetan; Bilboko Abando tren geltokian eta Donostiakoan hain zuzen, bertan AHTren aldeko erakusketak baitaude. Ekintza horietan bi lagun atxilotu eta hogei pertsona inguru identifikatu zituen Ertzaintzak.
Goizeko zortzietan, bi pertsona Bilboko Abando geltokian AHTren inguruan jarri berri duten erakusketaren gainera igo ziren, «bertako propaganda faltsua salatzeko». «ADIF hipokritak, AHT stop!» zioen pankarta ireki zuten, eta gero bata bestearekin kateatu ziren. Bitartean, geltokian AHTren aurkako eskuorriak banatzen aritu ziren beste hainbat lagun. Suhiltzaileak etorri ziren lehenbizi eta protestan ari ziren kateatutako bi lagunak askatu eta bertatik jaitsi zituzten. Jarraian, makina bat ertzainek eskuorriak banatzen zihardutenak identifikatu eta protesta egin zuten bi lagunak atxilotu zituzten.
Donostian ere, goizean, ADIFen erakusketara eraman zuten protesta. Salaketa ekimena hasi eta ordubetera iritsi zen Ertzaintza, AHTren Aurkako Asanbladaren arabera, eta protestan ari ziren guztiak identifikatu zituzten poliziek, «baita geltokian zegoen jendea ere».
Bi erakusketa hauetan Luku inguruan AHTren lanen nondik norakoak jasotzen dira. «Argazkiek, aldiz, ez dute erakusten bertan ireki duten pitzadura: 200 metro inguru zabal eta 6 metro inguru sakoneran». ADIF gezurretan ari dela salatu zuten ekintzaileek.