Baionako portuko enpresariek tokiko hautetsien esku-hartzea eskatu dute
Duela hiru urte PBA sortu zutenetik, industrialdeak tokian tokiko garapenerako duen garrantzia nabarmendu dute Baionako portuko enpresariek. Berrikitan ere, dei berezia egin diete bertako hautetsiei «trabak jarri baino, gehiago esku har dezaten industriaren defentsan».
GARA |
Port Bayonne Avenir (PBA) elkartean biltzen diren Baionako portuko enpresari eta erabiltzaile profesionalek bertako industria sustatzeko eta, horrenbestez lanpostuak sortzeko ere, lekuko hautetsiek «gehiago» inplikatu beharko liratekeela erran dute. Elkarteko lehendakariorde François Cazelisek dei zuzena egin die alderdi guztietako hautetsiei «portuko gunearen alde engaiamendu handiagoa» erakus dezaten.
Industrialdea turismo eremuetatik eta biziguneetatik hain gertu egotea ere hamaika arazoen iturri izan da azken urteotan. Horietako talka baten ondorioz enpresa batzuk ez dira instalatu bertan eta hori, gaur egun oraindik, «irentsi ezinean» dabiltza enpresariak.
Alta, beraien ustez, garapen ekonomikoari egiten dieten ekarpenez gain, beren jarduerek ingurumenean dituzten ondorioak gutxitzeko edota konpontzeko «ahalegin handia» egiten ari direla adierazi dute.
Horien artean, Celsa (lehen ADA) altzairutegiak txatarren galdaketak sortutako keak biltzeko kanpaia berezia ezarriko duela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, uda honetan inguruko auzokideek airearen kalitateaz eta zaratez kexu ugari kaleratu dituzte.
Lanpostu berriak
Celsa bera eta Beltrame enpresa beste bi lantegi ezartzekotan dira portuko gunean. PBAren esanetan, 500 lanpostu zuzeneko, eta zeharkakoak bi aldiz gehiago sor ditzakete abian jarritakoan eta, jakina, portuko trafikoa ere areagotuko lukete.
Raffinerie du Midi iazko abenduan itxi zutelarik, 450.000 tona gutxiago (%12) igaro dira bertatik. Erregaien biltegiak Seveso II arrisku-kalifikazioa zuen baina PABrentzat ez zen erabaki «hain ona» izan, geroztik 40.000 kamioi gehiago dabiltzalako Bordeletik Baiona inguruetara erregaiak garraiatzen.
Dena dela, trafikoaren kopuruak iazko kopuruetan jarraitzen duela esan zuten, bederen lehen sei hilabeteetan. Bigarren seihilekoa, aldiz, geldoagoa izango da. Philippe Ivandekics elkarteko presidenteak ez du ezkutatu egun bizi den krisi ekonomikoak zerikusia duenik beherakadan: «Uztailaz geroztik joan-etorrien urritzea sumatu dugu. Artoaren trafikoa izan da gehien jaitsi dena».
Inbertsio berriak eginez industrialdearen jarduera sustatzeko asmoa iragarri dute. Horien artean, Sotramab portuko mantenuaz arduratzen den enpresak ahalmen handiko garabi berria erosiko du eta LBC eta Agriva sozietateek egindako inbertsioei esker, jarduera areagotzea espero dute.
Baionako portuko industriaguneak 1.000 langile ditu eta bere jarduerak zeharkako beste 2.000 sortzen ditu. Kostaldean, zazpi lanpostutik sei hirugarren sektorean kokatzen dira. PBAk alor produktiboa sustatzeko premia nabarmendu du.