GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

«Hira zain» antzezlanak umeen artean naturarekiko errespetua zabalduko du

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Hazi baten ernaltzearen gisako prozesu xumea azaltzen du «Hire Zain» antzezlanak, gutxi barru estreinatuko den Gar produkzioen lanak. Hiru eta zazpi urte arteko umeei zuzendutako lana dugu, eta haiengan naturarekiko errespetua eta bertan egunero gertatzen dena haurren artean zabaldu nahi du. Egunero jaso ohi dugun gehiegizko informazioaren aldean, gelditzeko, begiratzeko gonbidapena egin nahi digu lan honek.

Eremu ilun batean nork jasoko dituen zain dauden bi hazi gorrirekin hasten da «Hire Zain». Bi gizonek topatuko dituzte haziok, eta egoera horren aurrean, bi jarrera desberdin azalduko dituzte. Batak, jaso eta ernatu arte itxarongo du eta besteak aurkitutako guztia biltzen duenez, bere bilduman sartuko du hazia. Gizonen arteko istorioak gurutzatzen diren heinean, hazienek ere hala egingo dute, baina azkenik bakarra geratuko da bizirik. Halere, handitzean hamar hazi zabalduko ditu eta istorioa berriz hasiko da.

Gar Produkzioak, 2005. urtean jaio zenetik, jarraitzen duen ildoa antzeman daiteke ikuskizun berri honetan ere. Hots, umeen artean hainbat gai jorratzen dituzten jarrera sortzailea esnatzea da bere helburuetako bat. Oraingoan, esaterako, naturaren zikloak errespetatu behar direla eta jendearen artean izaten den komunikazio falta mahaigaineratu nahi dituzte. Luis Z boyren zuzendaritzapean, «Hire zain»en estreinaldia urriaren 26an egingo da Lugaritz aretoan (Donostia). Gidoia, bestalde, Garbiñe Tolosak idatzi eta Iñaki Iturainek moldatu du Jon Elola eta Iñigo Aranbarri antzezleentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo