GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

ACB

Beteranoenak zalantza direla bilatuko du lidergoa

Splitterrek Borchardt gabe etorri den Granadaren aurka ere ez du jokatuko.

p028_f01.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Denboraldiaren sasoi honetan anekdota hutsa izan daitekeen arren, ACBko lider dela jaso nahi ditu Baskoniak asteburu honetan Gasteizera etorriko diren Euroligako agintari eta ordezkariak. Bartzelonak aste honetan Kanarian galdu ostean, Granadari irabaziz gero, Tau izango litzateke orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituen talde bakarra eta horrexen bila joango dira Ivanovicenak, asteleheneko festa handira ahalik eta hobekien iristeko asmoz.

Dena dela, helburua ez da batere erraza izango, taldeko bizkar hezurra diren Prigioni, Vidal eta Splitter gabe jokatu beharko baitu ziurrenik talde gasteiztarrak. Ivanovicek atzo esandakoaren arabera, ziurra da brasildarrak ez duela jokatuko eta argentinarra eta kataluniarraren parte-hartzea zalantzan egongo dira azken unera arte.

Talde andaluziarrean ere egongo da hutsune aipagarririk, izan ere, Curtis Borchardt izar handiaren belaunek berriz ere geratzera behartu baitute. Baina ACBko pibotik erabakigarrienetakoa den estatubatuarra gabe ere, Trifon Pochek zuzendutako taldeak nahikoa denboraldi hasiera ona izan du, Bruesa eta Cajasoli etxean irabazi eta Real Madrilen aurka kanpoan puntu bakar bategatik galdu ostean.

Udan Andrea Pecilek ihes egin zien arren, oraingoz Granada da denboraldiko talderik onena bai hiruko jaurtiketetako batez bestekoan, bai erreboteetan, eta defentsan jarritako txapeletan ere bai, beraz, gasteiztarrek ez daukate inolaz ere kantxara ardurarik gabe irteterik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo