Asteko giro garratza baretzeko, Avironek irabazi egin behar du Mont de Marsanen
Jon LEUNDA | BAIONA
Astea nahiko nahasia izan da Baionan. Ligan daramaten bidea ikusita ezinezkoa dirudi, baina pasa den ostiralean, European Challengeko lehen partida etxean, Viadanaren aurka, galdu egin zuten, eta horrek min handi eman du, batez ere talde barruan.
Zuri-urdinak italiarrak baino hobeak dira, partidaren hasieran ere hobeto jokatu zuten, baina gero ezer gutxi egin zuten, eta azkenean galdu egin zuten. Zuzendaritzako kideak, presidentea buru dela, jokalari batzuen jarrera dela-eta, oso haserre agertu dira astean zehar. Minuturik gutxien zituzten jokalariek izan zuten jokatzeko aukera, baina gauzak ez ziren nahi bezala joan.
Giro hori baretzeko, gaur izango dute aukera, Europako lehiaketako bigarren partida jokatuko baitute. Stade Montoisen aurka arituko dira Mont de Marsanen, 19.00etatik aurrera. Aurrera egin nahi badu, Avironek ezin du huts gehiago egin, eta gaurkoan garaipenaren bila aterako dira. Horretarako, hamabostekoan arituko diren jokalaririk gehienak ohikoak izango dira. Pasa den ostiraleko konturik ez dute nahi entrenatzaileek, eta ligan horren emaitza onak ematen ari den taldearekin arituko da gaur.
Talde zuri-urdineko entrenatzaileek ez dute hamabostekoa ezagutzera eman, baina honako hau da egindako deialdia: Fiorini, Avril, Hegi, Blake, Lafitte, Linde, Tewhata, Bernad, Deen, Martin, Haare, Igiñiz, Lopez, Garcia, Edmonds, Maillard, Fall, Gower, Lacroix, Peyras, Bolavucu eta Elhorga.