GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Muskizen EAJk ez duela herritarren nahia bete salatu du ezker abertzaleak

Petronorrek Muskizen ezarri nahi duen koke plantaren proiektua salatu zuen ezker abertzaleak, «inguruko kutsadura areagotzeko» baino ez duelako balio, eta, EAJri, erabakitzeko eskubideaz «soilik bere interesen arabera» gogoratzea leporatu zioten bozeramaile abertzaleek.

p016_f02_148x108.jpg

Ruben PASCUAL |

Ezker abertzaleak agerraldia egin zuen atzo Petronor enpresak Muskizen jarri nahi duen koke plantaren aurka azaltzeko. AHTren edo Hegoaldeko Saihesbidearen egitasmoak bezala, «herritarren iritziari jaramonik egin gabe, hemengo instituzioak bultzatzen ari diren proiektuak» direla salatu zuten.

Itziar Abellanal eta Arantza Urkaregi ezker abertzaleko ordezkariek EAJri herritarren hitza baztertzea leporatu zieten.

Ezker abertzaleak baieztatu zuen beti defendatu izan duela «ingurumenarekiko orekan oinarrituriko industria sarea». Urkaregik gaineratu zuenez, azpiegitura jasoko duten «herritarren borondatea errespetatu beharrekoa da».

Horrenbestez, salatu egin zuten EAJk darabilen «politika bikoitza»: alde batetik, «planta eraikitzearen aldekoa izatea» eta, bestetik, «herritarrek duten aurkako jarrera isilaraztea».

«Interes ekonomikoak»

Ezker abertzaleko ordezkariek koke planta «Petronorrek bultzatutako proiektu pribatua» dela argitu zuten, eta, hortaz, «onura ekonomikoa» baino ez duena helburu, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko «osasuna eta ingurumena kontuan hartu gabe».

Horretaz gain, «Muskizeko eta Bizkaiko herritarren beharrak eta interesak» aintzat ez hartzea egotzi zioten.

Urkaregik Petronorreko presidente Josu Jon Imazen hitzak gogora ekarri zituen, «koke plantak dituen bikaintasunak goraipatzen eta herritarrei ekarriko dizkion onurak» nabarmendu baitzituen hark, gaineratuz bazela garaia «norbaitek zentzuz eta herri ikuskeratik erantzuteko».

Horren aurrean, koke planta «Petronorrek urtero izaten dituen etekinak handitzeko negozioa» baino ez dela adierazi zuten bozeramaile abertzaleek.

Esther Larrañaga Lakuako Ingurumeneko sailburuaren hitzen gainean ere aritu ziren, eta esan zuten «gustura» aritu dela «plantaren eraikuntza ziurtzat emanez». Ildo horretatik, zehaztu zuten proiektuak ez dituela «sail horrek [ingurumenekoak], epean eta eran, eman beharreko baimen guztiak».

Larrañaga bera «legearen gainetik» jarri dela erantsi zuten, «planta, besterik gabe, egingo dela esatean».

Plantaren aurkako txosten teknikoei eta aldaketa proposamenei «ez ikusiarena» egitea egotziz, sailaren jarrera «lotsagarria» gaitzetsi zuten abertzaleek.

Imazen «gezurrak»

Koke planta jarri ezean Petronorren etorkizuna auzitan jarri zuen Imazek. Ezker abertzalearen aburuz hori «gezurra» da, planta «ezartzeko» erabiltzen dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo