GARA > Idatzia > > Mundua

Hogei bat zibil afganiar hil dituzte indar atzerritarrek aire eraso batean

Kanpo indar militarren aire eraso batek hogei bat herritar hil zituen Afganistango Helmand probintzian. Hildakoen artean, emakumeak eta umeak zeuden. Nad Ali barrutiko bizilagunek gorpuak gobernadorearen bulegora eraman zituzten gertatutakoa salatzeko.

GARA |

Beste behin ere, herritar xumeak indar armatu atzerritarren jo puntua izan dira. Atzo, aire eraso batek hogei inguru hil zituen Nad Ali barrutian, Helmand probintzian. Iturri batzuen arabera, hildakoak 25 izan ziren, beste batzuen arabera, 18.

«Hainbat eraikin bonbardatu dituzte. Zibilak, tartean emakumeak eta haurrak, hil dituzte. Nik neuk ikusi ditut zenbait gorpu eraikin hondar artetik herritarrek ateratakoak», azaldu zuen Helmandeko poliziaburu Assadullah Shirzadek, AFP albiste agentziari eginiko adierazpenetan. Ez zuen zehaztu hildakoen kopurua zenbatekoa zen.

Lashkar Gah probintzia hiriburutik, BBC kateko kazetariak emakumeen nahiz sei hilabete eta hamabost urte bitarteko haurren gorpuak ikusi zituela helarazi zuen. Bederatzi gorpu txikitutako eraikinen hondarretan gelditu ziren harrapatuta.

«Hildakoak 25 dira. 16 hilotz gobernadorearen bulegoraino eraman ditugu gertatutakoa salatzeko», azaldu zuen Nad Aliko bizilagun batek.

NATOren edo Ameriketako Estatu Batuen gidaritzapean dauden indar armatuen aire erasoak ehunka hildako eragin ditu azken hilabeteetan. Abuztuaren 22an, adibidez, 33 zibil hil ziren AEBen bonbardaketa batean.

Era berean, Afganistaneko Legebiltzarrak uztaileko erasoaren gaineko ikerketa abian ipini du. 45 pertsonatik gora hil ziren Nangarhar probintzian ezkontza bat ospatzen ari zirenean. Ezkongaia zegoen hildakoen artean. Hasieran, talibanak zirela esan zuten AEBek, baina argudio horren faltsutasuna agerian gelditu zen denbora gutxian.

Nazio Batuek jakinarazi zutenez, urtarriletik abuztura bitarte 1.445 afganiar hil dira. Iazkoarekin alderatuta, epe berean %39 gehiago. Hamik Karzai presidenteak berak aire erasoak amaitzeko exijitu zuen.

alemania

Afganistanen dituzten indar armatuen egonaldia luzatzea eta soldadu gehiago bidaltzea onartu zuten atzo Alemaniako legebiltzarkideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo