GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Profesionalak

Dopinaren zurrunbiloaren erruz, 2009an ez da Alemaniako Itzulirik izango

GARA | BILBO

Dopinaren zurrunbiloa dela-eta, Alemaniako Itzulia bertan behera geratu da. Itzuli hau antolatzen duen Deutschland-Tour elkarteko zuzendari Kai Rappek atzo adierazi zuenaren arabera, herrialde hura astindu duten azken dopin kasuek -Gerolsteiner taldeko Schumacher alemaniarra eta Kohl austriarra- datorren urtean lasterketa ez finantziatzeko erabakia hartzea ekarri du.

Horrez gain, Alemaniako ARD eta ZDF telebista kate publikoek 2009ko Tourra ez ematea erabaki zuten atzo, Kolonian egin zuten bileraren ostean, azken egunetako dopin kasuen aurrean protesta modura. Horren ordez, Tourrari buruzko informazioa eguneko albistegietan aipamen laburren bitartez emango dute.

Bennati Piamonten garaile

Alessandro Petacchiren alde lana beltz egin zuen atzo LPR taldeak 94. Piamonteko Itzulian. Alabaina, talde horren lanaren lepotik Liquigas taldeko Daniele Bennatik atera zuen etekina, kukua bailitzan. Esprintean beste guztiak baino bizkorragoa izan zen Bennati eta bigarren aldiz jarraian eraman zuen aipatu lasterketa. Bere atzetik, Acqua Sapone taldeko Luca Paollini eta AG2Rko Alexandre Usov sailkatu ziren.

Bestetik, Euskaltel-Euskadik Javier Aramendiari 2010. urtera arte luzatu dio kontratua. Txirrindulari nafarraren eta talde laranjaren arteko loturak beste urtebete iraungo du, beraz. Euskaltel-Euskadiko zuzendari Miguel Madariagaren iritziz, Aramendiak «oso etorkizun oparoa» dauka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo